Nafarroako Unibertsitate Publikoak Zientziaren Museo bat sortu du bere ondare zientifikoa eta teknikoa nabarmentzeko. Zientziaren Adiskideen Elkartearen lankidetzarekin sortu da proiektua, eta bere helburua da unibertsitatean irakasten diren diziplinetako praktika profesional eta zientifikoan erabiltzen diren objektuen bildumak katalogatzea, kontserbatzea eta erakustea. Museoa NUPeko ikastegi eta sailetan banatuta egongo da, eta piezak www.museocienciaupna.com webaren bidez eta gailu mugikorren bidez ikusten den katalogo birtual batean daude kontsultatzeko. Orain arte 172 pieza katalogatu dituzte.
NUPeko Zientziaren Museoa ekainaren 5ean, ostirala, aurkeztu dute Eloísa Ramírez Unibertsitate Proiekziorako errektoreordeak eta Antonio Vela eta Joaquín Sevilla NUPeko irakasleek eta Zientziaren Adiskideen Elkarteak. Denek nabarmendu dute erakundearen funtsezko eginkizunetako bat dela unibertsitatearen konpromisoa ezagutza zientifikoaren dibulgazioarekin.
NUPen ikasten diren diziplina gehienek, denek ez esategatik, eraldaketa handiak eduki dituzte azken hamarraldietan. Eraldaketa hauek orain gutxi arte diziplina horien historiako parte izan diren objektu-multzoen bidez ezagutu eta ikasi ahal dira. Hala gertatzen da Telekomunikazioen Museoarekin. Museo hori Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan dago eta Zientziaren Museo berri honen ernamuintzat har daiteke. Aurreko mendeko 40ko urteetatik funtzionamenduan egon diren eta telekomunikazioen bilakaeraren adibide garbia diren telefonoguneak dauzka.
Hainbat proiektu daude, ideia bera gauzatu nahi dutenak NUPeko beste unitate batzuetan. Esaterako, kalkulu tresnen erakusketa. Sarion dago ikusgai eta gizakiak III. mendetik XX. mendera arte kalkuluak egiteko erabili dituen ehundik gora makina eta mekanismo erakusten dira bertan. Bi instalazio horiei Liburutegian gordeta dauden zenbait objektu gehituko zaizkie aurki. Esaterako, mikrofilmagailuak, 1867ko inprenta tipografiko bat edota Fisika Saileko Optika eta Akustikako Laborategiak. Hala, unibertsitateak ondarean kontserbazio gogoa sustatu nahi du eta ikasleei eta gizarteari ikuspegi historiko bat eskaini nahi die egungo errealitatea hobeki ulertzea ahalbidetzeko.
Hasierako katalogazioa eta weba
NUPeko Zientziaren Museoak etengabe garatu nahi du ikastegi eta sailetan dauden piezen katalogazioaren bidez. Orain arte 172 pieza katalogatu dira, eta horien artean daude telefono zentralak, kalkulu tresnak, ordenagailuak, sailkagailuak, mikrofilmagailuak, irrati edo optika tresnak. Azken horien artean 1880ko bisore estereoskopiko bat dago.
Katalogatutako elementu guztiak kontsultatzeko daude NUPek sortutako webgune batean. Aipatu webgunean elementu bakoitzaren ezaugarriak erakusten dira argazkien bidez (kalitate onekoak dira eta handiagotu daitezkeenak) eta azalpen fitxen bidez. Webgunea ele bitan dago (gaztelania/euskara), eta bilatzaile bat dauka.