NUPeko Industria, Telekomunikazio eta Informatika Ingeniaritzetako nazioarteko programen eskaera handiagotu egin da
Nafarroako Unibertsitate Publikoak abian jarri zuenetik nazioarteko aipamena duen titulu bat lortzeko eskaintza akademiko hori, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren (TIIGMET) ingeniaritza graduetako ikasleen ingelesezko irakasgaien eskaintza etengabe joan da gorantz.
Gainera, aukera honek gaitasun handiena daukaten ikasleak erakartzen dituenez, talde hauen emaitza akademikoak gailentzen dira Unibertsitatearen batez bestekotik. Industria Teknologietako Ingeniaritzako Nazioarteko Programaren ikasleek, beren irakasgaien % 50 ingelesez egiten dutenek, esaterako, % 20an hobetzen dituzte beren emaitza akademikoak, gaztelaniaz ikasten dutenekin alderaturik. Datu hauek agertzen dira NIIGMETek egin duen ikerketa batean, 6th IEEE Global Education Conference (EDUCON) nazioarteko biltzarrean aurkeztu zenean. Topaketa akademiko hau, oraintsu Tallinen (Estonia) egin dena, mundu mailako ingeniaritzako irakaskuntzaren arloko gertaera nagusietakotzat hartzen da.
Ikerketa honetan, TIIGMETek berriki abian jarritako nazioarteko programak deskribatzen dira, ikasleen curriculumaren nazioartekotzea maximizatzea ahalbidetzen baitute, eta, aldi berean, programen kostuak minimizatzea, inbertitutako baliabide ekonomikoen eraginkortasuna optimizatuz.
Nazioarteko programak kalitatearen zigiluak dira, beren errendimendu akademikoarengatik eta beren irakasgaien parte handi bat ingelesez egin izanarengatik nabarmendu diren ikasleei aitortza bat ematen dietenak. Programa horiek joan den 2013/2014 ikasturtean jarri ziren martxan, eta Iruñeko campuseko NIIGMETeko bost graduetan eskaintzen dira: Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa, Ingeniaritza Mekanikoa, Industria Teknologietako Ingeniaritza, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza eta Informatika Ingeniaritza.
Ikerketaren arabera, ingelesezko irakasgaien eskaintza % 50ekoa da Industria Teknologietako Ingeniaritzan; % 44koa Ingeniaritza Mekanikoan; % 39koa Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoan; % 30ekoa Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritzan eta % 28koa Informatika Ingeniaritzan. Honek esan nahi du nazioarteko programetan ari diren 19 ikasle talde daudela, eta batez beste 29 ikasle daudela programa bakoitzean.
Kostu gehigarririk gabe Unibertsitatearentzat
Nazioarteko programa hauek ezartzeak ez dio ekarri kostu gehigarririk Nafarroako Unibertsitate Publikoari, zeharkakotasunezko irizpidea aplikatu baita. Beste modu batera esanda, "gradu ezberdinetako irakasgai antzekoak nazioarteko taldean irakasten dira", ikerketaren egileek baieztatu dutenez. Esaterako, Industria Teknologietako Ingeniaritzako, Ingeniaritza Mekanikoko eta Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko nazioarteko programetako ikasleek ikasgela partekatzen dute Kimika irakasgai ingelesez emateko; eta Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritzako eta Informatika Ingeniaritzako ikasleek berdin egiten dute Elektronikaren Hastapenak emateko.
Nazioarteko graduak deiturikoak, hasieratik, eratu izan balira bereiz ikasten zuten ikasleekin, beren ikasketak talde ezberdinetan egiten zituzten ikasleekin, eta beren sartzeko bideekin, ez zatekeen horrelakorik egin, "kostua handiegia izango baitzen". Ikerketak dio dauden 19 taldeak egon beharrean, 53 talde egon beharko liratekeela, eta talde bakoitzean hamar ikasle leudekeela. "Nazioarteko programetan talde bakoitzeko ikasleen kopurua ia 30 denez gero, programa hauek martxan jartzeak ez du ekarri kostu gehigarririk, gaztelaniazko ikasle-taldeen ikasle kopurua neurri berean murriztu delako", esaten dute ikerketa egin dutenek.
Nazioarteko programakoa izatea ez da eskatzen karrera hastean; azken aldian lortzen da, ikasleak besteengandik bereizten dituen irizpide batzuk betetzen baditu, Tituluaren Europako Gehigarrian adierazten den bezala. Irizpideak hauek dira: gutxienez 90 kreditu ingelesez egitea, edo eta hizkuntza horretan eskaintzen diren irakasgai guztiak, atzerriko hizkuntza daukaten (ez ingelesa bakarrik) herrialdeetako unibertsitateekin irakaskuntza-trukerako destinoak eskatzeko nazioarteko mugikortasuneko deialdira aurkeztu izana izatea; gradu amaierako lanaren txostena ingelesez idaztea eta defenditzea; karrera bukatzean B2 mailako hizkuntza gaitasuna edukitzea eta egiaztatzea atzerriko hizkuntza batean; eta irakasgai guztiak gainditzea hamar seihilekotan edo bost ikasturtetan, gehienez.
Horrela, ikasleak kalitate zigilu bereizgarri bat lortzen du bere curriculumean, baita sinestamendu bat, alegia, nazioarteko lan-giro batean behar diren gaitasunetan eta trebetasunetan prestatua dagoela.
Emaitza akademiko hobeak
Programa hauen helburuetako bat ikasle onenak erakartzea da, eta ematen du lortu egin dela, ikusirik "ikasleen emaitza akademiko positiboak eta erakutsi duten interesa", ikerketak esaten duenez. Izan ere, ikerketak ematen duen datuetako bat da ingelesez ikasten duten Industria Teknologietako Ingeniaritzako ikasleen % 82k gainditzen dutela irakasgai bat (lehen deialdian), eta gaztelaniaz ikasten dutenen artean, aldiz, gaindituen ehunekoa % 65 da.
Ikerketa honen izenburua “Design of flexible cost-efficient international engineering curricula at the Public University of Navarre” da, eta NUPeko TIIGMETeko lehenagoko zuzendaritza taldeko batzuek egin dute. Taldekoak hauek izan dira, zehazki: Ignacio R. Matías Maestro zuzendari ohia, eta David Astráin Ulibarrena, Edurne Barrenechea Tartas, Eugenio Gubía Villabona, Antonio López Martín, Daniel Morató Osés, Gurutze Pérez Artieda eta Pablo Sanchis Gúrpide zuzendariorde ohiak, baita Jesús López Taberna oraingo zuzendariordea ere.
TIIGMET ez da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren barruan, nazioarteko programak eskaintzen dituen ikastegi bakarra. Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (NIGMET) ere baditu, Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Graduan; baita Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak ere, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduan eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Ekonomiako Gradu Bikoitzean (bost ikasturte).