

Ezkerretik eskuinera, José Francisco Alenza, Amalia Iraburu, Lydia A. Brown, Cecilia Zumelaga, Iris Torres, Inés Núñez eta Javier Casalí
Lydia A. Brown Tirapu Zuzenbideko Graduko 4. mailako ikasleak irabazi du Berri Juridiko Laburrei buruzko III. Clarín saria, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Juridikoen Fakultateak antolatzen duen lehiaketan. Saria ostiral honetan, maiatzaren 22an, eman da Zientzia Juridikoen Fakultatearen festaren ekitaldi akademikoan, eta bertan eman zaio saria baita ere Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako Graduko Amaierako Lan hoberenari. Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoak eta Zientzia Juridikoen Fakultateak ematen duten saria Mirentxu Marín Malo ikaslearentzat izan da.
Ekitaldiaren buru izan da Javier Casalí Nazioarteko Harremanetarako errektoreordea, eta harekin batera egon dira José Francisco Alenza García dekanoa, Inés Nuñez de la Parte INGETEAMeko Betearazpen Batzordeko idazkaria, eta Beatriz Rodríguez Sáenz de Galdeano Fakultateko idazkaria. Halaber, ekitaldian egon dira Javier Morrás Iturmendi Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Barne kontseilaria; eta José Antonio Sánchez Nafarroako fiskal burua.
Lydia A. Brown ikasleak saria jaso du “Tenemos Revolución Asegurada” izenburua daukan lanarekin. Epaimahaiak nabarmendu du gaiaren garrantzi juridiko eta soziala, bai eta haren originaltasuna, freskotasuna eta argitasuna berria idazterakoan. Lehiaketako bigarren saria Iris Torres Ruizek, Abokatutzan sartzeko Unibertsitateko Masterreko ikasleak, jaso du “El proyecto de ley de modificación de la Ley de enjuiciamiento criminal producirá un impacto negativo en los procesos judiciales complejos” izenburuko lanarengatik.
Epaimahaiak hirugarren saria eman dio Cecilia Zumelaga Martínez Zuzenbide eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza titulazio bikoitzeko ikasleari, “Repatriación: ¿solución u opción” izeneko lanarengatik. Sariak Amaia Iraburu Thomsom Reuters Aranzadiko Edukien zuzendariak banatu dizkie.
Berri Juridiko Laburrei buruzko Clarín Sariaren helburua da ikasleek idatzitako testu juridikoen kalitatea sustatzea. Lehiaketa Zientzia Juridikoen Fakultateari atxikitako titulazioetako ikasleei zuzendua zegoen, eta berri labur, original eta aurretik argitaratu gabea idatzi behar zuten ondorio juridikoak zituen egoera bati buruz. Esaterako, lege baten onespena, epai bat, gatazka juridiko bat edo egoera sozial bat. Berriek gutxienez ere 350 hitz eta gehienez ere 500 hitz eta izenburu bat izan behar dituzte.
Gradu Amaierako Lan hoberenari saria
Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoak eta NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultateak saria eman diote Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako Graduko Amaierako Lan hoberenari. Mirentxu Marín Malo izan da irabazlea “Reconocimientos médicos para la detección de alcohol en el trabajo: contenido y límites” izenburuko lanarekin. Sari honen epaimahaiak saria ematean nabarmendu du aztertutako gaiaren interesa, daukan gaurkotasun eta garrantzi sozialagatik. Era berean, lanaren kalitate zientifikoa azpimarratu du, erakusten dituen zorroztasun eta sakontasunagatik araudiaren azterketan. Saria Francisco Javier Plágaro Gizarte Graduatuen Elkargoko buruak banatu du.
Zientzia Juridikoen Fakultatearen festa Ada Byron Aretoan egin da, Arteak eraikinean, eta irakasle eta ikasle askok parte hartu dute bertan. Ekitaldi horretan, Beatriz Rodríguez Sáenz de Galdeano Fakultateko idazkariak Zientzia Juridikoen Fakultatearen 2014-15 ikasturteko Jarduerei buruzko txostena irakurri du, eta Inés Nuñez de la Parte INGETEAMeko Betearazpen Batzordeko idazkariak “Abogados de negocios: de la Universidad a la empresa” izenburuko hitzaldia eman du.