Joan eduki nagusira

zoom NUP+ Arrosadiko campuseko Ikasgelategian kokaturik dago, Iruñean.

NUP+ Arrosadiko campuseko Ikasgelategian kokaturik dago, Iruñean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak abian jarri du informazio gune berri bat Arrosadiko campuseko Ikasgelategian, Iruñean. NUP+ (NUP Plus) izena dauka, eta kontsultei erantzuten die Unibertsitate - Gizarte Fundazioaren zerbitzuei buruz (enplegua, lanerako orientabidea eta praktikak, etengabeko prestakuntza eta titulu berekiak, hizkuntzak eta  A3U edo Adiskideen eta Ikasle Ohien Programa), LUCEren (Enpresa Berritzaileak Sortzeko Unibertsitate Laborategia) ardurapeko ekintzailetzarekin lotutako guztiaz gainera.

            Gune berria Ikasgelategiaren eraikineko beheko solairuko ezkaratz nagusian dago, eta hiru lagun daude bertan (bi Unibertsitate - Gizarte Fundaziokoak eta bat LUCEkoa). Unibertsitate - Gizarte Fundazioak ematen dituen zerbitzuei buruzko kontsultak egiteko aukera dago astelehenetik ostegunera 9:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara; eta ostiraletan, 9:00etatik 14:00etara. LUCEren kasuan, interesa dutenei arreta ematen zaie astelehenetik ostiralera 9:00etatik 15:00etara.

            Unibertsitate - Gizarte Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta eragile ekonomiko eta sozialen arteko harremanak sustatzea xede duena. Bere jarduera lerro nagusiak dira enplegua (lanerako orientabide programaren bidez, nazioko eta nazioarteko praktikak enpresetan eta instituzioetan eta lan-eskaintzak, entitateak Enplegu Agentziaren sinestamendua dauka Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanda), prestakuntza (titulu berekien eta etengabeko prestakuntzaren eskaintza antolatzen du) eta hizkuntzak (Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiaren bidez, titulu ofizialen azterketak egiteko zentroa baita).

            Gainera, A3U Adiskideen eta Ikasle Ohien Programa kudeatzen du Unibertsitatearen Unibertsitatearekin zerikusirik duten lagun guztiak biltzen ditu, harremanetan egon nahi badute elkarrekin, dagokien Fakultatearekin edo Eskolarekin, eta Unibertsitatearekin. A3U Programako kideek hainbat zerbitzu eta abantaila dauzkate.

            Unibertsitate - Gizarte Fundazioaren zerbitzuak Iruñeko Arrosadiko campuseko Sario eraikinean daude.

Ekintzailetza sustatzen

Bestalde, LUCE unibertsitateko komunitate osoarentzako zerbitzua da (ikasleak, irakasleak, ikerketa taldeak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak) eta ekintzailetza laguntzea eta enpresak sortzea sustatu nahi du. Enpresa proiektuei aholkularitza emateaz gainera, ikasgelan ekintzailetzari lotutako jarduerak eta lantegiak, eta ekintzaileen bisitaldiak eta jardunaldiak egiten dira. LUCE 2006. urtean jarri zen abian, eta horretarako lankidetza eman zuten ondoko erakunde hauek: Nafarroako Berrikuntza eta Enpresen Europar Zentroak (CEIN), Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak eta Nafarroako Enpresaburu Gazteen Elkarteak (AJE).

            NUP+ horrez gainera, Unibertsitateak baditu beste bi argibide bulego: bat Iruñeko Arrosadiko campusean (Ikasgelategiko 021 gela, beheko solairuan) eta beste bat Tuteran (Tarazonako etorbidea, z/g). Bietan ematen dute informazioa eta orientabidea gai hauei buruz: unibertsitaterako sarbidea, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren irakaskuntza eskaintza, ikasleentzako baliabideak eta zerbitzuak eta beste zenbait tramite administratibo, esaterako, aurreinskripzioa eta matrikula, Iruñean dauden egoitzei buruzko datu base bat mantentzeaz gainera.

            Iruñeko Ikasleentzako Argibide Bulegoaren ordutegia, astelehenetik ostiralera, 8:30etik 14:30era eta 16:30etik 19:30era da. Aldiz, Tuterakoa zabalik dago astelehenetik ostegunera, 8:30etik 14:30era eta 15:00etatik 16:30era; eta ostiraletan soilik goizez, 8:00etatik 14:00etara.