Joan eduki nagusira

zoom Alfonso Carlosena bozkatzen.

Alfonso Carlosena bozkatzen.

Alfonso Carlosena Seinalearen Teoria eta Komunikazioetako katedraduna hautatu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore, boto haztatuen % 70,54 lortu baitu gaur egin diren hauteskundeetan. Bestalde, beste hautagaiak, Jorge Nietok, botoen % 29,46. Osotara, unibertsitateko komunitatea osatzen duten 9.771 pertsonak zuten hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea.

Bozketa amaitzean egin den boto zenbaketaren behin-behineko datuek arabera, Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle doktoreen arloan, zeinak 396 pertsonako errolda baitu eta boto guztien % 59, Alfonso Carlosena izan da boto gehien jaso dituen hautagaia, 216 boto lortu baititu (boto haztatuaren % 43,49). Jorge Nietok 77 boto lortu ditu (% 15,51). Horietaz gainera, 45 boto zuri eta 7 baliogabe izan dira. Osotara 345 irakaslek parte hartu dute.

Bestalde, irakasle funtzionario ez doktoreen eta Unibertsitatearekin lotura iraunkorrik ez duten irakasle eta ikertzaileen arloan,  zeinak 652 pertsonako errolda baitu eta boto guztien % 11 baitu, Alfonso Carlosena ere izan da boto gehien lortu dituen hautagaia, 200 boto lortu baititu (% 9,61). Jorge Nietok 29 boto lortu ditu (% 1,39). 14 pertsonak boto zuria eman dute, eta 8 boto baliogabe izan dira. Osotara 251 irakaslek eman dute botoa.

Ikasleen arloan, zeinak 8.251 pertsonako errolda baitu eta boto guztien % 20 ponderazio horretan,  1304k eman dute botoa. Arlo honetan halaber Alfonso Carlosena izan da irabazlea, 647 boto lortu baititu (%  10,20), eta Jorge Nietok, berriz, 622 boto lortu ditu (% 9,80). Boto zenbaketan  12 boto zuri eta  23 baliogabe zenbatu dira.

Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen arloan, zeinak boto guztien %10 baitu, 276 pertsonak parte hartu dute (errolda da 472 pertsonakoa).  Alfonso Carlosena izan da boto gehien lortu dituen hautagaia, 144 boto lortu baititu (% 7,24). Jorge Nietok 55 boto lortu ditu (% 2,76). 62 boto zuri eta 15 baliogabe izan dira.

Gobernu Kontseiluak 2011ko azaroaren 16an onetsi zuen hauteskunde arautegiak arautzen ditu hauteskunde hauek.  Arautegi horren arabera, unibertsitateko komunitateak hautatuko du errektorea hautaketa zuzenaren eta sufragio unibertsal libre eta isilaren bidez jardunean dauden Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzu ematen duten katedradunen artean. Hauteskunde hauetan Nafarroako Unibertsitate Publikoko errolda osatzen duten 9.774 kidek zuten botoa emateko eskubidea arloen arabera haztatutako botoaren bidez.

Alfonso Carlosenaren soslaia

Alfonso Carlosena García (San Martin Unx, Nafarroa, 1962), Fisika Zientzietan lizentziaduna da Zaragozako Unibertsitatean (1985), lizentziaturako aparteko sariduna, eta doktorea unibertsitate berean (1989). Zaragozako Unibertsitatean aldi batean irakasle laguntzaile izan ondoren, eta Zuricheko Swiss Federal Institute of Technology izenekoan, ikertzaile gonbidatu gisa, doktoretzaren ondorengo hainbat egonaldi egin eta gero (1989. eta 1991. urteetan), Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasi zen irakasle laguntzaile lanetan 1992. urtean, eta 2000.ean Seinalearen Teoria eta Komunikazioak jakintza arloko katedra erdietsi zuen. Ikertzaile gonbidatua izan zen New Mexico State University-n (1999), eta Arizona State University-n (Tempe, AZ) 2004-2005 ikasturte osoan.

Ikerketa proiektu ugariren zuzendaria izan da Elektronikaren, Instrumentazioaren eta Seinalearen Prozesatuaren arloan, eta, ondorioz, ehundik gora artikulu argitaratu ditu nazioarteko aldizkari indexatuetan, eta txostenak aurkeztu ditu nazioarteko biltzar askotan. Aldi berean, hamahiru doktoretza tesiren zuzendaria izan da. Halaber, etengabe jarduten du lankidetzan Espainiako zein atzerriko enpresekin, elektronikaren eremuko merkataritza produktuen garapenean, eta ustiatzeko bidean dauden nazioarteko lau patenteren egilea da. Ikerketa lanagatik hainbat sari jaso ditu, esaterako, BBV, Iruñeko Udal Aurrezki Kutxarena, eta 2004ko Ideactiva.

Irakaskuntzako kudeaketa-lanean duen esperientziari dagokionez, aipatzekoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoan Saileko zuzendariorde, Ikerketa Emaitzak Bestetaratzeko Bulegoko (OTRI) zuzendari, Doktoretza Batzordeko buru, eta Ikerketarako errektoreorde izan dela aurreko errektoretza taldean.