Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera: Óscar López, Julio Lafuente, Carlos Fernández Valdivielso eta José Arnáez.

Ezkerretik eskuinera: Óscar López, Julio Lafuente, Carlos Fernández Valdivielso eta José Arnáez.

Ebro Ibarreko Nazioarteko Bikaintasuneko Campus Iberus partzuergoak eta Nafarroako Garapenerako Elkarteak (Sodena) hitzarmen bat izenpetu dute, enpresa berritzaileak sortzeko nekazaritzako elikagaien sektorean, Orizont proiektuaren bidez. Proiektu hau fase goiztiarretan dauden enpresen azeleratzaile bat da, sektorean nazioarteko erreferentzia bihurtzeko borondatearekin sortua. Orizonten helburua da ekartzea urtero Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hirira sektoreko zortzi start-up (garapenaren fase goiztiarrean dauden edo dagoeneko eratuta dauden enpresa berritzaileak), enpresen azelerazio prozesu batean parte hartu eta beren proiektuak bultzatzeko.

Hitzarmena astelehen honetan, maiatzaren 4an, izenpetu da. Campus Iberus partzuergoaren aldetik Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore Julio Lafuentek izenpetu du, eta Sodenaren aldetik bere zuzendari kudeatzaile Carlos Fernández Valdivielsok. Ekitaldian egon dira, baita ere, Errioxako Unibertsitateko errektorea, José Arnáez, eta Campus Iberus partzuergoko zuzendari exekutiboa, Óscar López.

Zaragozako Unibertsitateak, Errioxako Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Lleidako Unibertsitateak osatzen dute Campus Iberus, Orizont proiektuaren aholkularitza batzordeko kide bihurtu dena, prozesuaren barruan aukeratzen diren enpresei aholkularitza lanak egiteaz arduratzeko. Gainera, azelerazio-prozesuan parte hartuko duten zortzi proiektuak aukeratzeko ardura daukan epaimahiko kide izango da.

zoom Julio Lafuente, ezkerrean, eta Carlos Fernández Valdivielso, hitzarmenaren sinaduran.

Julio Lafuente, ezkerrean, eta Carlos Fernández Valdivielso, hitzarmenaren sinaduran.

Zortzi start-up hauek Nekazaritzako Elikagaien Hiriko instalazioak erabat erabiltzen ahalko dituzte. Azelerazio-programak sei hilabete iraungo du eta CEINek (Nafarroako Berrikuntza eta Enpresen Europar Zentroa) zuzenduko du, zeinak aholkuak emango baitizkie enpresa berritzaile hauei proiektuaren enpresa-jaulkipenari, negozio aukerei, enpresa-networkinari, merkatuan sartzeari edo negozio planen garapenari buruz.

Campus Iberus, ekintzailetza eta nekazaritzako elikagaiak

Hitzarmen hau Campus Iberusek hainbat ekimenen bidez bultzatzen duen ekintzailetzaren sustapenaren estrategiaren barruan dago. Horietako bat Iberus Emprende Sariak dira, Hidrokarburoen Konpainia Logistikoarekin (CLH) batera deituak. Sari hauek Campus Iberuseko unibertsitateen eremuko negozio ideia berritzaileak eta martxan jarri diren proiektu enpresarialak saritzen dituzte.

Era berean, azpimarratzekoa da Campus Iberusen espezializazio eremuetako bat nekazaritza elikagaiena eta nutrizioarena dira. Partzuergoak lehen mailako euskarria ematen die berrikuntza politikei eta garapen teknologikoari nekazaritza, abeltzaintza, oihan, elikagai eta naturaren baliabide eta ingurumenarekin lotutako gaietan.

Campus Iberusek Nekazaritzako Elikagaien eta Nutrizioaren jarduera plana martxan jarri du. Planaren bidez Ebro Ibarrerako estrategikoa den eta 240.000 pertsona enplegatzen dituen arlo baten lehiakortasuna eta iraunkortasuna indartu nahi dira. Plan honen ekimenen artean, nutrizio eta elikagai funtzionalen eremuko lau partzuergo sortzea dago, azken helburu batekin: ikertzaileak erakartzea Iberuseko lau unibertsitateetara, funts ekonomikoak atzemateko eta ikerketa, transferentzia eta berrikuntza proiektu europarrak zuzentzeko.