Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin da RUNAE Ikasleen Gaietarako Unibertsitateen Sarearen osoko bilkura bat; izan ere, CRUE Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziaren arloko batzorde bat da eta Julio Lafuente Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea du buru. Ia berrogeita hamar unibertsitate publiko eta pribatuetako beste hainbeste ordezkarik parte hartu dute topaketa honetan, eta bertan egon da, baita Juan María Vázquez Rojas Hezkuntza Ministerioaren Unibertsitateen Idazkari Nagusia ere.
Osoko bilkura bi saio bereizitan egin da; lehenengoa, atzo, asteazkenean egin zen Arrosadiko campuseko Sario eraikineko 04. gelan. Lehen jardunaldi honetan, RUNAEko kideek aztertu zituzten, besteak beste, hezkuntza sistemako etapetan dauden ebaluazio proben ezaugarriak arautzen dituen Errege Dekretuaren proiektua; Lanbide Heziketatik datozen ikasleen onarpena; edo atzerriko hezkuntza sistemetatik datozen ikasleak onartzeko eta sartzeko erabaki proposamen bat UHUNekin batera.
Bigarren jardunaldia ostegun honetan, apirilaren 30ean egin da, Iruñeko Maisonnave hotelean. Bilkuraren eguneko aztergaietan egon dira: Julio Lafuente NUPeko errektore eta buruaren txostena; Juan María Vázquez Rojas Unibertsitateen Idazkari Nagusiaren hitz batzuk; eta OEEU Unibertsitateetako Enpleguaren eta Enplegugarritasunaren Egoerari buruzko txostenaren aurkezpena, Francisco Michavila Madrileko Unibertsitate Politeknikoko Unibertsitate Politika eta Kudeaketako UNESCO Katedraren zuzendariaren eskutik.
Ikasleei dedikatutako arloko batzordea
RUNAE Ikasleen Gaietarako Unibertsitateen Sarea CRUEko Arloko Batzordea da, zeinak unibertsitateen artean ikasleen arloari dagozkion proposamenak eta jarduerak, dauzkaten adierazpenetan, sustatzeko ardura baitauka.
Bere helburua da ikasleen gaietako informazioa bildu eta hedatzea unibertsitatearen eremuan, eta elkarrekin jarduerak sustatzea ikasleen, gizarte zerbitzuen eta laguntza zerbitzuen, informazioaren eta orientabidearen, asoziazionismoaren, ikasleen ordezkaritzaren, kultura eta kirol jardueren, eta irakaskuntza araubidearen gaietan, proposamenak egitea eta gomendio orokorrak ematea unibertsitateen arteko harremanen gaian eskumena daukaten erakundeen aurrean.
RUNAEren jarduera sei lan talderen bidez garatzen da: ikasleen antolamendua eta parte hartzea, ikasleei laguntzea, enplegua, kirolak, aniztasunari arreta eta europar konbergentzia.