Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Ateak Zabaltzeko Egunaren bigarren eta azken saioa egingo du larunbat honetan, apirilaren 25ean, Arrosadiko campusean, eta  Ingeniaritzako titulazioei eskainiko zaie. Saio horiek 2015-16 ikasturtean Unibertsitatean hasi nahi duten Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta daude. Ateak Zabaltzeko Egunak antolatzen dituzte ikastegiek eta titulazioek, eta zabalik daude ikasleentzat eta haien gurasoentzat.

Larunbat honetako programaren barruan Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren titulazioei buruzko hitzaldiak daude (Ingeniaritza Mekanikoa, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa. Industria Teknologietako Ingeniaritza, Ingeniaritza Diseinu Mekanikoan, Telekomunikazio Teknologietako Ingeniaritza eta Ingeniaritza Informatikoa) baita Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren titulazioei buruzkoak ere (Elikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako gradua eta Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako gradua).

Jardunaldiari 10:00etan emango zaio hasiera, Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan izango den topaketa batekin, zeinean Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren bi titulazioak aurkeztuko baitira. 11:30etik aurrera, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren titulazioak aurkeztuko dira. Ekitaldi hau Ikasgelategiko 09. ikasgelan izango da.

Programaren barruan informazio hitzaldiak izango dira, laborategiak eta lantegiak erakutsiko dira, eta bisita gidatuak izango dira Unibertsitateko gainerako instalazioetatik (liburutegia, errektoretza...). Halaber, horretarako interesa daukatenek kirol instalazioak eta Urkiak Unibertsitate Egoitza ikusteko aukera ere izango dute.

Inskripzioa ekainean egingo da

2015-2016 ikasturtean Gradu ikasketak Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasi nahi dituztenek ekainaren 16tik 25era bitartean egin beharko dute aurreinskripzioa. Ikasleek Interneten bidez egin behar dute inskripzioa NUPen webgunean (www.unavarra.es), eta egin nahi dituzten gradua edo graduak idatzi beharko dituzte, gehienez ere lau, lehentasun ordenaren arabera. Onartuen zerrendak uztail hasieran jarriko dira jendaurrean, eta, hil horren erdialdera, ohiz kanpoko inskripzio epe bat irekiko da, hutsik geratu diren ikaspostuak betetzeko.