Horizonte 2020 Europako Batasunaren Ikerketa eta Berrikuntzako Esparru Programako Marie Sklodowska-Curie Jardueren barruan aukeratu dute Yueh-Hsin Lo Nafarroako Unibertsitate Publikoko Natura Ingurunearen Zientzien Saileko Ekologia eta Ingurumena taldeko ikertzailea. Finantzaketa horren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoan, erakunde onuradunean, proiektuaren bi urteak burutzeko aukera izango du. Proiektuan berotegi-efektua duten gasen, klimaren eta Nafarroako Pirinioetako pinudietako zuraren ezaugarriak ikertuko dituzte.
Europa osoko proiektuak lehiatzen diren ebaluazio-prozesu zorrotz bat egin eta gero, Ikerketarako Agentzia Exekutiboak 170.000 euro eman dizkio proiektu honi: “DENDRONUTRIENT: Desentramando los efectos de la fertilización por CO2, la limitación por nutrientes y la disponibilidad de agua en procesos de los ecosistemas forestales”. Marie Sklodowska-Curie Jardueren helburua da Europako ikertzaileen giza-potentziala suspertzea, bai kopuruz eta baita kalitatez ere. Horretarako, ikerketa-karreraren eredu erakargarria sortzen ari dira, Europako ikertzaileak Europan gera daitezen eta munduko gainerako tokietako ikertzailerik onenak Europara etor daitezen saiatuz.
Lana NUPen egingo da. Yueh-Hsin 2014ko hasieran hasi zen NUPen, National Taiwan University-n (Taipei, Taiwan) hiru urtez ikertzaile aritu eta gero. Yueh-Hsin Nekazaritza ingeniaria da eta Masterra National Taiwan Universityn eta doktorea University of British Columbian (Vancouver, Kanada). Oihanen kudeaketa iraunkorrari eta prozesu ekologikoei buruzko ikerketak egin ditu Espainian, Kanadan eta Taiwanen. 29tik gora argitalpen egin ditu zientzia-aldizkarietan, liburuen kapituluak eta komunikazioak biltzarretan. Horretaz gainera, gaiari buruzko bi liburu argitaratu ditu.
Lankidetza beste erakunde batzuekin
Proiektu horren esparruan, Nafarroako Pirinioetako basoen erabilpenak izan dituen ondorioen ezaugarriak aztertuko dituzte; basoen kudeaketak eta aldaketa klimatikoak etorkizunean Europako hego-mendebaldeko pinu gorrien basoetako karbono eta mantenugaien erreserbetan izango duten eragina aztertuko dute, eta CO2-ren kontzentrazio handien, mantenugai eta ur mugaketen, zuhaitzen hazkundearen eta zuraren ezaugarrien arteko elkarreraginak definituko dira.
NUPeko Ekologia eta Ingurumena taldeak lankidetzan jardungo du bate ere hiru erakunde hauekin: Asturiasko Zuraren Teknologia Zentroarekin, zeinak zuraren ezaugarriak erabilgarri dagoen teknologia berrienarekin aztertzen daukan esperientzia jarriko baitu; University of British Columbia, zeinak zuhaitzen hazkundea simulatzeko ordenagailuen programei buruz aholkuak emango baititu; eta National Taiwan University-rekin, zeinak aldaera meteorologikoen eta zuhaitzen hazkundearen aldaeren arteko harreman matematikoen analisiari buruzko esperientzia jarriko baitu.
Laguntza horien helburua da ikertzaile eskarmentudunen sormen eta berrikuntza ahalmena hobetzea, banakako proiektuen bidez. Nazioarteko mugikortasuna eta sektoreen artekoa sustatu nahi da Europa osoko eta Europatik kanpoko unibertsitateetan, ikerketa zentroetan, ikerketa-azpiegituretan, enpresetan, enpresa txiki eta ertainetan eta beste talde sozioekonomikoetan. Laguntzak eskatu ahal izateko, ikertzaileak doktoretza titulua eduki behar du edo 4 urteko esperientzia arduraldi osoko ikerketan. Horretaz gainera, erakunde hartzailearen herrialdean urtebete baino gehiago bizi izan bada eskaeraren aurreko hiru urteetan, ezin izango du laguntza eskuratu.