Nafarroako Unibertsitate Publikoak Geografiari buruzko Informazio Sistemetan eta Teledetekzioan Master berria emango du heldu den 2015-16 ikasturtean, informazio geoespaziala erdiesteko eta prozesatzeko hedatzen ari den sektorean prestatutako profesionalen beharrari erantzuteko asmoz. Tracasa enpresak konpromisoa hartu du NUPekin sei hilabeteko praktiketako kontratua eskaintzeko lehen promozioko espediente hoberena daukan tituludunari. Graduondokoa 60 kreditu osatzen dituzten moduluetan egituraturik dago, eta dagoeneko aurreinskripzioa zabalik dago NUPen webgunean.
Geografiari buruzko Informazio Sistemak (GIS) eta teledetekzioa ingurune konplexuetan egiazko problemak ebazteko erabiltzen diren tresnak dira, eta gero eta presentzia handiagoa daukate enpresetan eta erakunde publiko eta pribatuetan. Aldaketa klimatikoa, segurtasuna, garapenerako lankidetza, baliabide naturalen urritasuna edo informazioaren gizarteranzko etengabeko trantsizioa bezalako erronka globalek, GIS eta teledetekzioaren sektorea nabarmen hedatzea dakarte.
Horren froga dira heldu den hamarkadan lurra behatzeko xedez orbitan jartzeko asmoa dagoen ia hirurehun behaketa sateliteak edo Europar Batasuneko Copernicus (lurra behatzeko) eta Galileo (geolokalizaziorako) programen ekimenak, erabat erabilgarri egongo direnak datozen hogei urteetan. Gainera, GIS eta teledetekzioaren garapena aurrerapen zientifikorako, berrikuntzarako eta garapenako motortzat hartzen da, eta horrek enplegu kualifikatuaren sorreran eragingo du ezinbestez.
Geografiari buruzko Informazio Sistemetan eta Teledetekzioan Masterra zuzentzen zaie bai tituludun berriei bai lurralde-informazioa erabili behar duten sektoreetan jarduten duten profesionalei, esaterako, ingurumenaren kudeaketa eta baliabide naturalak, lurralde antolamendua, hirigintza, nekazaritza edo logistika.
Ikasketa plana, 60 ECTS kreditukoa, ikasturte batean edo bitan egin daitezkeen moduluetan egituraturik dago, ikasleen arduraldia osoa edo partziala izatearen arabera. Prestakuntzak orientabide praktiko argia edukiko du, gaitasunak eskuratuko baitira GIS azterketa eta programazioan, datu base espazialetan, urrutiko irudien prozesamenduan, espazio/denbora estatistiketan, webguneko zerbitzuen argitaratzean, etab. Prestakuntza osatzeko, aukeran, enpresetan praktikak eta Masterraren Amaierako Lana egingo dira.