Nafarroako Unibertsitate Publikoan abian da errektorea izendatzeko hauteskunde prozesua. Julio Lafuente NUPeko errektoreak onetsi du deialdia, hauteskunde egutegia jendaurrean jartzen duen erabaki baten bidez. Lehen itzuliko bozketak maiatzaren 13an izango dira, asteazkenean, eta bigarren itzulia, egin behar bada, maiatzaren 28an, ostegunean, izateko programatu da.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Hauteskunde Arautegian eta Estatutuetan ezarritakoaren arabera, unibertsitateko kideek aukeratzen dute errektorea, hautaketa zuzenaren eta sufragio unibertsal, libre eta isilaren bidez, NUPen aktibo dauden eta zerbitzu ematen aritzen diren katedradunen artetik. Hautesle bakoitzak hautagaitza bakar bati emango dio botoa. Boto haztatua izango da, unibertsitate komunitateko arloetan, Estatutuetan eta Hauteskunde Arautegian ezarritako ehunekoei jarraikiz.
Hauteskunde egutegia datorren apirilaren 13an hasiko da, behin-behineko errolden argitalpenarekin. Hautagaitzak aurkezteko epea apirilaren 22tik 27ra arte izango da. Hauteskunde kanpaina maiatzaren 5ean, asteartean, hasiko da, zero orduetan, eta maiatzaren 12an, asteartean, bukatuko da, 24:00etan.
Hauteskunde eguna, lehen itzulian, eta, egiten bada, bigarren itzulian ere bai, etenik gabe egingo da, 11:00etatik 18:00etara, salbu eta ikasleen arloko bi mahaietan. Horiek Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolan eta Tuterako campusean eratuko dira, eta hauteskunde eguna etenik gabe egingo da, 12:00etatik 17:00etara. Hauteskunde prozesu honetarako egutegi osoa NUPen web-orrialdean dago kontsultatzeko.
Unibertsitateko hauteskunde Batzordeari dagokio antolamendua, kontrola, emaitzen aldarrikapena eta inpugnazioen ebazpena. Erreklamazioak, eskaerak eta hautagaitzak Hauteskunde batzordeko buruari zuzendu behar zaizkio dagokion eguneko 14:00ak baino lehen, Unibertsitateko Iruñeko campuseko edo Tuterako campuseko erregistroan.