Journal of Addictive Diseases aldizkariak (mendetasuna sortzen duten eritasunei buruzkoa) Nafarroako Unibertsitate Publikoko Psikologia eta Pedagogia Saileko ikertzaile batzuek egin duten ikerketa bat argitaratu du, mendetasunak dituzten erien jokabideari eta tratamenduari buruzkoa. Ikerketa honi esker profil ezberdinak ezarri ahal izan dira mendetasuna duten erien artean, mendetasunarekin batera indarkeriazko jokabideak garatzen dituzten edo delituak egiten dituzten kontuan hartuta. Raúl Cacho irakasleak azaltzen duenez “hau oso garrantzizkoa da, tratamenduaren emaitza aurreikusteko bidea ematen baitu, eta horrela, hobetzen ahal dugu, eraginkorragoa izan dadin, eriari egokiago izan dakion, eta are giza baliabideak eta baliabide materialak aurrez ditzagun”.
Ikerketa honen ekarpen zehatz bat izan da indarkeriaren eta delituen analisia, bai bereiz hartuta, baita elkarrekin hartuta ere. Ikertzaileen iritziaren arabera, "hau ikerketarako eremu nabarmena eta etorkizun handikoa da, bi gertaerak oso lotuta daudelako mendetasunak dituzten eriekiko praktika klinikoan".
Lana, Journal of Addictive Diseases aldizkarian argitaratu da, izenburu honekin: “Profil bereizgarria eta bilakaera terapeutikoa indarkeriazko jokabideak edo/eta delitu-egintzak agertzearen arabera”. Egileak José J. López-Goñi, Javier Fernández-Montalvo, Alfonso Arteaga eta Raúl Cacho ikertzaileak izan dira, denak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Psikologia eta Pedagogia Saileko kideak.
252 pertsonak osatu dute erien lagina (203 gizonezko eta 49 emakumezko). Mendetasuna zeukaten eriak ziren, laguntza jaso zutenak Nafarroako Giza Proiektu Fundazioaren tratamendu anbulatoriorako programaren barruan. Erien % 13,9k bazeuzkaten lotutako indarkeriazko jokabideak; % 33,7k egin zuten indarkeriarik gabeko delitu-egintzaren bat; % 25,8k indarkeriazko joerak eta delitu-egintzak, aldi berean, egiten zituzten; eta lagineko erien % 26,6k mendetasuna zeukaten baina ez zuten delitu-egintzarik ezta indarkeriazko jokabiderik ere.
3 urteko jarraipena
Talde bakoitzaren ezaugarri espezifikoak ebaluatzeaz gain (indarkeriazko jokabideekin, egintza-delituekin, edo biekin lotutako eriak), talde bakoitzaren barruan profil bereizgarriak aurkitu ziren. Ikerketak iraun duen bitartean —eriei 3 urteko jarraipena egin zaie—, aztertu zen ea indarkeriazko jokabideen eta delitu-egintzen eta tratamendu terapeutikoa uztearen edo ez uztearen artean loturarik ote zegoen, bai eta faktore hauek programan berriz sartzearekin zerikusia zeukaten edo ez.
Eriak tratamendua izan baino lehen ebaluatu zituzten, eta gero Nafarroako Giza Proiektuak garatu duen programan parte hartu zuten. Programa honen helburua arazoan esku hartzea da. Kognitibo-konduktuala da, abstinentzia gainditzeko asmoa dauka eta era anbulatorioan gauzatzen da. Aldi berean, eri bakoitzaren jarraipen zehatza egiten da, terapiaren atxikipen eta uztearen tasa atzemateko, baita, tratamendua amaitu eta gero, berriz programan zenbat aldiz sartzen den atzemateko ere.
Profilak bereiztea
Erien % 39,7k indarkeriazko jokabide lotuak erakusten zituzten. "Hainbat testuingurutan: familian, gizartean edo lanean, indarkeria erabiltzeko bulkada kontrolatu ezin zezaketen pertsonak ziren —substantzien kontsumoarekin loturik edo ez—. Gainera, kasu batzuetan, indarkeria erabiltzen zuten droga erosteko dirua lortzeko".
Mendetasunari lotutako indarkeriazko jokabideak zituztenen eta ez zituztenen arteko alderaketa egitean, ikusi zen diferentzia adierazgarriak zeudela zenbait aldaera soziodemografikoetan, kontsumokoetan eta psikopatologikoetan. Ikerketak zehazten duenez, mendetasunari lotutako indarkeriazko jokabideak zituzten eriak gazteagoak eta biktimizazio-tasa handiagokoak (fisikoa, psikologikoa edo sexuala) ziren, beren kontsumoa larriagoa zen, euren artean gaindosi-kasu gehiago gertatzen ziren eta mendetasunari lotutako sintomatologia eta psikopatologia ere handiagoa zen.
Beste alde batetik, delitu-egintzaren batean sartuta zeuden mendetasun-erien ehunekoa % 60,3 izan zen. Delitu-egintzek zerikusia zeukaten, batez ere, gidatzean egindako delituekin, eta ondoren droga-trafikoarekin. "Desberdintasun nabarmenak ikusi ziren delitu-egintzak zituzten eta ez zituzten erien artean. Delituak egiten zituztenak gizon ezkongabeak ziren, batez ere. Gainera, ohikoa zen substantzien kontsumo-aniztasuna egotea eta mendetasuna larriagoa izatea".
Bilakaera terapeutikoari dagokionez (programa-uzteak eta berriz sartzeak), indarkeria eta delituak zituzten taldekoek uzte eta birsartze-tasa handienak zeuzkaten. Halaber, tasa hauek nabarmen handiagoak ziren mendetasunari lotutako indarkeriazko jokabideak bai baina besterik ez zeukaten taldekoenak baino.
Beren ondorioetan, ikertzaileek esaten dute, lortu dituzten emaitzak ikusita, "erien hainbat profil daudela, honelako arazoak dituzten edo ez, ba, horren arabera, eta horrek eragin zuzena daukala tratamenduaren bilakaerarekin". Alde horretatik, azpimarratu dute "gure ikerketa egin baino lehen ia inoiz ez dela egin gertaera hauek elkarrekin aztertu dituen ikerketarik".