Alfonso Urrizburu Santos Industria Teknologietako Ingeniaritzaren Graduko ikasleak, Íñigo de Carlos Artajo eta Marcos Ndlovu Solano EAZ eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzeko Graduko ikasleek eta Jesús Vidán Peña Zuzenbide Graduko ikasleak osatutako taldeak irabazi du martxoaren 24an, astearte honetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko XIV. Eztabaida Liga. Irabazleek 700 euroko saria jaso zuten eta aukera izango dute NUP ordezkatzeko G-9 Taldeko VII. Eztabaida Ligan, Zaragozako Unibertsitatean, apirilaren 15etik 17ra.
Irabazleak honako ikasle hauek osatutako taldeari gailendu zitzaizkien finalean: José Miguel Sola Garrido (Ekonomia Gradua), Joaquín Pascal saria hizlari onenari irabazi zuena, Juan Albarrán Ariztegui (Soziologia Gradua), David Garciandía Igal (EAZ eta Zuzenbidea eta EAZko Gradu Bikoitza) eta Eduardo Dito Callan (Industria Ingeniaritzako Gradua). Bigarren sailkatu zirenentzako saria 500 eurokoa izan zen. Hirugarren sailkatu zen, eta, beraz, 300 euroko sari bat irabazi zuen Juan Segundo Gutiérrez Ruiz, Raúl Lecumberri Morato, Íñigo Jiménez Jaunsarás eta Raquel Erro Martín Zuzenbide Graduko ikasleek osatutako taldeak.
Torneoa Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan egin zen, eta honako gai hau izan zuten eztabaidagai: Kalamua legeztatu egin behar da Espainian? Eztabaidak 34 minutukoak dira, eta talde bakoitzak hasierako azalpena egiteko txanda du (4 minutu), bi txanda eztabaidarako (5 minutu bakoitzean) eta 3 minutu ondorioak azaltzeko. Eztabaida hasi baino minutu batzuk lehenago erabakitzen da zein jarrera defendatuko duen talde bakoitzak, eta finalean irabazleek kalamua legeztatzearen aldeko jarrera defendatu zuten.
NUPeko Unibertsitateko Eztabaida Liga Unibertsitate Proiekzioko Errektoreordetzak antolatzen du eta Nafarroako Parlamentuak finantzatzen du. Ekimen honen helburua da Unibertsitateko ikasleen artean jendaurreko elkarrizketa eta ideien alderaketa sustatzea, betiere, elkarbizitzan trebatzeko eta norberak dituen trebetasunak garatzeko.
Puntuak ematerakoan, epaimahaiak alderdi hauek balioesten ditu: adierazitakoaren ordena, argitasuna eta erraztasuna, taldearen jarrera, segurtasuna eta gaia menderatzea, ebidentzien zorroztasuna, imintzioak erabiltzea, aurkako taldearen baliabideak integratzea edo arin erantzutea.