Joan eduki nagusira

zoom Mikel Bravo Acha

Mikel Bravo Acha

Mikel Bravo Acharen doktoretza tesiaren gaia hauxe izan da: zuntz optikoaren aplikazioak sentsore bezala. Ikerketa Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin du, eta ikerketa egitean, laborategian neurtu du zuntz optikoan ezarrita zegoen sentsore bat, 253 kilometrora.  "Interesgarriena da neurketa urrutikoa dela, informazio guztia zuntzetik iristen da, eta ez dugu jarri behar ez eta entxufe bakar bat ere sentsorea elikatzeko. Hau oso erabilgarria litzateke, esaterako, basamortutik zehar doan oliobide bat monitorizatzeko, non ezin baita elikadura elektrikoko sistemak jarri sentsoreak elikatzeko".

Doktoretza tesiaren izenburua honako hau da: “Contribution to the development of new photonic systems for fiber optic sensing applications” (sistema fotoniko berriak garatzeko ekarpena, zuntz optikozko sentsoreei aplikatzeko). Manuel López-Amo Sainz NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko teknologia elektronikoko katedraduna izan da zuzendaria, eta bikain cum laude kalifikazioa lortu du.

Zuntz optikoaren teknologiak irauli ditu telekomunikazioak, azken hamarkadetan, argia medio honetatik ibiltzeko daukan erraztasunari esker. Garatu eta gero, ikertzaileek ikusi zuten argiaren hedapenean aldaketak zeudela zenbait magnitude fisiko eta biokimikoren arabera, eta honek erakutsi zuen zuntz optikoak potentzial handia zeukala sentsore bezala erabiliz gero. Honetan dihardu batez ere Mikel Bravoren tesiak, zuntzak posible duelako sentsore trinkoak hartzea, elektrikoki pasiboak direnak, eta, salbuespenak salbuespen, immune direnak eremu elektromagnetikoen eraginaren aurrean.

Sistema berriak

Tesian sentsore-sare batzuk garatu dira. Sare hauek bertatik bertara edo urrutitik kontsultatzen ahal dira, eta lortu dena da zuntz optikozko sentsore bat distantziarik handienera monitorizatzea, anplifikaziorik gabe: 253 kilometro.

zoom Urrutiko neurketa egiteko erabili ziren gailua eta zuntz optikoko harila

Urrutiko neurketa egiteko erabili ziren gailua eta zuntz optikoko harila

Gainera, sentsore puntual berriak aurkeztu dira, sistema eraginkorragoak lortzeko, baita gailu optoelektroniko bat ere, tele-elikatua eta zuntz optikoaren bidez urrutitik kontrolatzen dena. Ikertzaileak azaltzen duenez, "modu errazean esanda, esan genezake gailu hau zelula fotovoltaiko txiki batean oinarritzen dela. Zelula honek urrutitik jasotzen du gure argia eta argi hori elektrizitate bihurtzen du. Horrela lortzen dugu aski elektrizitate gailu horiek urrutitik elikatzeko". Tesia egin den bitartean lortu da gailu hau elikatzea 100 kilometroko distantziatik, "eta horixe da hau bezalako ekipo bat elikatzeko eta kontrolatzeko lortu den distantziarik handiena".

Azkenik esperimentuak laborategitik inguru erreal batera eraman ziren. Horrela, zuntz optikozko sentsoreak erabili ziren hormigoiaren eta asfaltoaren egitura-osasuna monitorizatzeko. Hauxe izan zen egin zena: deformazio eta tenperatura-sentsoreak ezarri ziren hormigoizko habe batean. Gero, habearen gaineko zama handitu egin zen, habea hautsi zen arte. "Gure sentsoreek ematen ziguten informazioa monitorizatu egin genuen, eta sentsore elektrikoek ematen zutenarekin alderatu genuen. Ikusi genuen zuntz optikokoek askoz bereizmen gehiago eskaintzen zutela".

zoom Hormigoizko habe baten haustura baten xehetasuna

Hormigoizko habe baten haustura baten xehetasuna

Bestalde, Mikel Bravo Londresen egon zen ikerketa-egonaldi bat egiten, eta orduan hormigoizko zilindroetarako barra indargarrien korrosioa neurtu zuen. "Korrosioa izaten hasten denean, barra hauen bolumena handiagotzen da, eta inguruan daukaten hormigoia arrakalatu egiten da. Horregatik sentsore horiekin monitorizatzeko une kritiko bat zen". Tesiaren azken aldian, probak egin dira asfaltoarekin. Hala ere, asfaltoan zuntz optikoko sentsoreak ezartzea konplexuagoa da, eta une honetan atariko emaitzak baizik ez dira lortu.

Mikel Bravo Achak Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi zuen, eta Komunikazioen Masterra egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Unibertsitate honetan lan egiten du, eta Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko Komunikazio Optikoetako taldeko kidea da. Hogei artikulu egin ditu nazioarteko aldizkarietan, egilekidetzan; bi ekarpen izenpetu ditu nazioko biltzarretan eta hamahiru nazioarteko biltzarretan. Horietako bietan ikasle baten ekarpen onenaren saria lortu zuen. Bestalde, parte hartu du I+G-eko 4 proiektutan, eta bi ikerketa-egonaldi egin ditu, bat Londreseko City University-n, eta bestea Oportoko Unibertsitatean.