Joan eduki nagusira

zoom Inmaculada Gómez Bastida

Inmaculada Gómez Bastida

Zer egin behar da behi-aziendaren haragia kontsumorako osasungarriagoa izateko? Galdera horri erantzun dio  Inmaculada Gómez Bastidak Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurri duen doktoretza-tesian. Animalia horien elikaduran n-3 gantz-azido poliasegabe asko dituzten osagaiak erabiltzeak, hala nola liho haziak eta CLA (azido linoleiko konjugatuak) beraien grasa aldatu du, eta omega 3 eta CLA gantz-azidoak  —osasungarritzat hartzen direnak— gehitzea eta gantz-azido aseak, zeinak gaixotasun kardiobaskularrekin lotuta baitaude, gutxiagotzea lortu du.

“Txekorren elikaduran liho-haziak eta CLA erabiltzea —azaldu du Inmaculada Gómezek— aukera egokia da behi-aziendaren haragiak dituen nutrizio kalitatea eta kalitate organoleptikoa hobetzeko, eta, hortaz, elikagai osasungarriagoak izateko”. Horretaz gainera, haragi sektorea sustatzen eta egonkertzen lagunduko luke, eta behi-azienda lehiakorragoa izango litzateke.

Doktoretza tesiaren izenburua honako hau da: “Beef enriched with n-3 and CLA and attitude of consumers towards functional foods. Technological aptitude for the production of new healthy products”. Bikain cum laude Nazioarteko Aipamenarekin kalifikazioa lortu du. María José Beriain Natura Ingurunearen Zientzien Saileko irakasleak eta José Antonio Mendizabal NUPeko Nekazaritzako Ekoizpeneko Saileko irakasleak zuzendu dute tesia.

Ikerketa egiteko, 4 dieta esperimental aberasturekin elikatu zituzten Holstein arrazako 48 txekor ar (12 animalia mota bakoitzeko). Animaliak hil eta gero, laginak aztertu zituzten, eta ohartu ziren gantz-azido aseak gutxiagotzea eta omega 3 eta CLA azidoak gehitzea lortu zutela, bai eta haragiaren nutrizio kalitatea hobetzea ere.

Kontsumitzailearen onarpena

Gero haragi produktu eratorriak egin zituzten (esaterako hanburgesak). “Omega 3 eta CLA-rekin aberastutako haragi-produktu berri horiek ohiko haragien teknologia gaitasun bera zuten. Hiru hiritan azterketa bat egin genuen kontsumitzaileekin, eta haragi aberastuak ohiko haragiek baino balioespen hobea izan zuten”, azaldu du Inmaculada Gómezek.

Tesiaren ondorioetan aipatzen denez, dietak liho hazien %10ekin eta CLAren % 2rekin aberasteak ez die eragin ez gantz-ehunaren produkzio parametroei, ez metabolismoari ere. Haragiaren gantz-azidoen profila hobetu du, eta kontsumitzaileen nutrizio-beharretara hobeki egokitzen da”. Halaber, haragi aberastuak “bere kalitate organoleptikoa hobetu du kontsumitzaileen nahien arabera, eta teknologia gaitasun ona dauka”.

Azkenik, aztertu dituzten txekorren dietan aldaketa horiek egiteak “haragiaren nutrizio eta zentzumen kalitatea  hobe dezake animaliaren metabolismoari eta lortzen diren haragien teknologia kalitateari kalte egin gabe”.

Inmaculada Gómez Bastida nekazaritza-ingeniaria da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Erakunde horretan egin zuen masterra teknologia eta kalitatea nekazaritzako elikagaien industrietan, eta gero doktoretza. Doktoretza-ikasketak egin bitartean, ikerketa egonaldi bat egin zuen Ashtown-eko (Dublin, Irlanda) Teagasc Food Research Centren. Gaur egun proiektu laguntzaile gisa lan egiten du NUPeko Kimika Natura Ingurunearen Zientzien Sailean. Nazioko eta nazioarteko hamarretik gora biltzarretan parte hartu du, eta argitalpen zientifikoetan argitaratutako hainbat artikuluren egilekidea da.