Ezkerretik eskuinera, Parlamentuko lehendakaria, errektorea, Gervasio Sánchez eta Brunet Fundazioko burua.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak asteazken honetan, martxoaren 18an, eman dio Gervasio Sánchez argazkilari eta kazetariari Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria. Ekitaldia Errektoretza eraikinean izan da. Bertan Julio Lafuente NUPeko errektorea izan da, baita Nafarroako agintari gorenak ere. Saria 36.000 eurokoa da.
Nazioarteko sariaren epaimahaiak nabarmendu du Gervasio Sánchezen lanak, "botere faktikoetatik erabateko independentziarekin" egindakoak, "gizakiak gerran erabiltzen duen ankerkeria" erakusten duela, baina ez hori bakarrik, "arrazoirik gabe biktima direnen giza eskubideen urraketa ere salatzen baitu, baita armak fabrikatzen dituzten herrialdeentzat zer nolako negozioa den ere".
Gainera, epaimahaiak azpimarratu du, hiru hamarkadatan egindako lan profesionalak "biktimen mina islatzen jakin duela, sarraskian ibilbide izugarri baten bidez, eta hausnarketa egiteko gonbita egiten digula bere etengabeko salaketa eta kritikarekin, biktimak duintzeko daukan sinesmen sendoarekin, gatazka armatuen aurrean jarrita, pertsonen duintasun eta giza eskubideenganako kezka gugan piztuz; izan ere, Jaime Bruneten giza jarrera ona ere inspiratu zuen izpiritu idealista, geldiezin eta kosmopolita bera.
Ibilibide luzeko argazkilaria
Gervasio Sánchezek (Kordoba, 1959) Kazetaritzako lizentziatura eskuratu zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, 1984an. Kazetari eta argazkilaria den aldetik, azken 30 urteetako gatazka beliko gehienetan ibili da, eta horrela, hamabost gerratako lekukoa izan da, esaterako Golkokoa, Jugoslavia zenekokoak, Latinoamerikako zenbait (NIkaragua, El Salvador, Guatemala...), Afrikako batzuk (Ruanda, Sierra Leona...) eta Asiakoak. “El Heraldo de Aragón” eta La Vanguardia” egunkarietan irakurtzen ahal dira haren kronikak, baina beste hainbat komunikabiderekin ere lan egiten du (Cadena SER, BBCko espainierazko zerbitzua, “Tiempo” aldizkaria…).
Gervasio Sánchez Zaragozan bizi da, eta hamabi liburu argitaratu ditu, gatazka belikoei eta haien ondorioei buruz egin dituen erreportaje grafikoen laburpenak biltzeko. Lehena 1994. urtean argitaratu zen: “El cerco de Sarajevo”, 1992ko ekainaren eta 1994ko martxoaren artean gertatu zen Bosniako hiriburuko setioaren lana biltzeko. Azpimarratzekoak dira, baita ere, “Vidas minadas” (1997), Afganistan, Angola eta Kanboia bezala, minarik gehien dituzten herrialdeetako populazio zibilek pairatzen duten pertsonen aurkako minen kalteei buruz; “Kosovo, crónica de la deportación” (1999); “Niños de la guerra” (2000); “La caravana de la muerte: las víctimas de Pinochet” (2001); “Los ojos de la guerra” (2001), hau Manuel Leguinecherekin batera eginda, Sierra Leonan 2.000. urtean erahil zuten Miguel Gil gerra kazetariari egindako omenaldia dena; “Sierra Leona: guerra y paz” (2005), orduan misiolari zebilen Chema Caballerorekin (Premio Brunet 2006) eginda; edo “Desaparecidos” (2011), hiru kontinentetako hamar herrialdetan bortxaz desagerraraziko milaka pertsonei buruz.
Bere ibilbidean, Gervasio Sánchezek hainbat sari irabazi ditu. Horien artean, Argazkigintzako Sari Nazionala (200), Espainiako Erregea Kazetaritzako Nazioarteko Saria (2009), Ortega y Gasset Kazetaritza Saria (2008), Julio Anguita Parrado Kazetaritzako Nazioarteko Saria (2011) edo Cirilo Rodríguez Kazetaritza Saria (1996). Gainera, Zaragozako Seme Kutuna da (1998); Zaragozako Diputazio Probintzialaren Portugaleko Santa Isabelen Urrezko Domina jaso zuen (1998), Aragoiko Gobernuaren Merezimendu Profesionalaren Domina (2004), eta 1995ean Andaluziako Kultura Saria irabazi zuen. Hori guztia gutxi balitz, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (Unesco) 1998an Gervasio Sánchez "Unescoren Bakearen aldeko Mezulari Berezi" izendatu zuen.
Fundazioa eta Jaime Brunet Saria
Jaime Brunet Fundazioa Kultura Fundazio pribatua da, gizarte interesa eta izaera iraunkorra dituena, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak ezabatzea. Fundazioak helburu horietara bideraturiko jarduerak eta balio horien errespetuarekin loturiko azterketak sustatzen ditu.
Zehazki, eta hainbat jardueraren artean, Jaime Brunet Romero sarirako deialdia egiten du, bai zientzia-lan bat, bai literatura lan bat edo ikus-entzunezko lan bat bai giza baliabideen sustapenean nabarmendu den gizabanako edo erakunde baten ibilbidea, saritzeko. Guztira, Fundazioak 1998. urtetik hamabost Jaime Brunet Nazioarteko Sari eman ditu, azkena Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeari. Saridun guztien zerrenda Fundazioaren web-orrialdean dago ikusgai.