Jaime Brunet Fundazioak martxoaren 12an, ostegunean, Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren aldeko Unibertsitate-saria emateko ekitaldia egin du. Saridunak Nafarroako Unibertsitate Publikoko hiru graduatu izan dira. Ekitaldian NUPeko errektorea, Julio Lafuente, aritu da ekitaldi-buru, eta bertan egon dira Eloísa Ramírez Unibertsitate Proiekzioko errektoreordea, Joaquín Mencos Fundazioko zuzendariordea eta epaimahaiko kide batzuk. Leire Ibáñez Larrea (Iruñea, 1992), Inés Molina Álvarez (Iruñea, 1992), biak Zuzenbideko tituludunak, eta Ainhoa Remacha Irure (Iruñea, 1977), Haur Hezkuntzako irakaslea, dira irabazleak.
Saria 2.000 eurokoa da, eta ikasle bakoitzari egiaztagiri bat ematen zaio. Gizabanakoen eskubideen defentsa eta babesa eta garapenerako lankidetzako gaietan hobekuntza eta proposamenak ardatz dituzten gradu amaierako lanak saritzen dira. NUPeko hiru irakasle osatu dute Jaime Brunet Unibertsitateko Sariaren epaimahaia: José María Rifá Soler (Zuzenbide Publikoko Saila) eta Antonio Gorri Goñi (Gizarte Laneko Saila) katedradunek eta Francisco Javier Blázquez Ruiz (Zuzenbide Publikoko Saila) unibertsitateko irakasle titularrak.
Leire Ibáñez Larrea Giza Eskubideen Nazioarteko Babesari buruzko Master bat egiten ari da Alcalá de Henareseko Unibertsitatean (Madril), eta “Giza Eskubideen nazioarteko babesa: jurisdikzio unibertsalaren printzipioa eta bere tratamendua Espainiako legerian” izenburua daukan gradu amaierako lana aurkeztu zuen. Lan horretan jurisdikzio unibertsalean sinesten duten estatuen eta beren subiranotasunaren parte bat utzi eta, beren hiritarrak hirugarren herrialdeetan edo Nazioarteko Zigor Auzitegian epai ditzaten nahi ez dutelako, jurisdikzio unibertsala auzitan jartzen duten estatuen arteko tirabirak aztertzen ditu. Alicia Chicharro Lázaro Zuzenbide Publikoko irakasleak, zuzendu zuen proiektu hau.
Bestalde, Inés Molina Álvarezek lan hau aurkeztu zuen: "Espainiako Konstituzioa eta kulturaniztasuna: emakumezkoen erlijio ikur islamikoen problematika juridiko-konstituzionala Espainian". Alejandro Torres Gutiérrez Zuzenbide Publikoko Saileko katedradunak zuzendu du lana, eta ikerketak erlijio ikur islamikoen arazoak aztertzen ditu erlijio askatasunerako oinarrizko eskubideari jar dakizkiokeen mugen ikuspegitik. Konstituzioaren 16. artikuluak jasotzen du aipatu eskubidea. Inés Molina da lanaren egilea eta Oinarrizko Eskubideei eta Botere Publikoei buruzko Masterra ikasten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean.
Azkenik, Ainhoa Remacha Irurek "Proiektuen araberako lan metodoa landa testuinguruetan eta sozialki baztertuta dauden testuinguruetan" ikerketa aurkeztu zuen. Olga Belletich Ruiz Psikologia eta Pedagogia Saileko irakasleak zuzendu du lana. Peruko iparraldeko eremu txiro batean dagoen landa eskola bateko hezkuntza-berrikuntzako eredua nola jarri den abian jasotzen du lanak. Eredu horren helburua zen hezkuntza komunitateko kideek parte har zezatela arazo hau konpontzen: hondakinen isurketak ingurunean eragindako kutsadura. Egileak lekuan bertan izandako esperientzia jasotzen du proiektuak. Unibertsitatearen Prestakuntza Solidarioa Programan parte hartu zuen 2013an. Programa hori garapenerako lankidetzara orientatuta dago. Ainhoa Remacha NUPen Gizarte Lanean diplomaduna ere bada, eta esperientzia dauka Nafarroako ikastetxeetan haur hezkuntzako eta ingelesezko irakasle lanean eta Gurutze Gorria Gazteria eta Asociación Navarra Nuevo Futuro elkarteetan hezitzaile lanean. Hezkuntzako Berrikuntzako eta Ikerketako Masterra ikasten ari da UHUNen.
Bigarren ediziorako deialdia
Jaime Brunet Fundazioak dagoeneko egin du Giza Eskubideak eta Lankidetzarako Garapena Sustatzeko Unibertsitate-sariaren deiladia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleei zuzendua, eta sari horren bidez gradu amaierako lan onena nabarmendu nahi du. Lanaren edukiak lotuta egon behar du pertsonen eskubideen defentsa eta babesarekin eta garapenerako lankidetzarekin. Aurkezteko epea urriaren 10ean amaituko da eta irabazleak 2.000 euroko saria eramango du.
Fundazioaren Patronatuak sari hau sortu du ikasleek interesa har dezaten giza eskubideei buruz, hau da, hauen egoerari edo babesari buruz, honen inguruko salaketak egin edo hobekuntzak proposa ditzaten, eta aldi berean, unibertsitate ikasketak bukatzen dituzten ikasleen ahaleginak saritu nahi dituzte. Gogorarazi behar da Brunet Fundazioak, 1998tik, Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet Saria ematen duela. Sari honekin giza eskubideen sustapenean nabarmendu den pertsona zein erakunde baten ibilbidea nabarmentzen da.
Giza Eskubideak eta Lankidetzarako Garapena Sustatzeko Jaime Brunet II. Unibertsitate-sariaren oinarriek ezartzen dute Nafarroako Unibertsitate Publikoaren gradu titulazioko edozein ikaslek duela parte hartzeko aukera. Gradu amaierako lanen defentsa sariaren deialdia egiten den urte naturalean egina izan behar da.