Carmen Gómez Monterok, Malagako Elefun enpresaren sortzaileetako batek, "Abakoa eta haurren garapen intelektuala" izenburua duen hitzaldia egingo du martxoaren 17an, osteguna. Japoniar abakoan oinarritutako ikasketa metodoak dituen onurak azalduko ditu. Espainiako ikasketxe batzuetan jada aplikatzen dute metodo hori. Hitzaldia 19:00etan hasiko da Sario eraikineko 03. ikasgelan, eta "Protokalkulagailuak: eskuzko kalkulurako gailuak eta kalkulurako gailu mekanikoak" izeneko erakusketaren harira programatutako jardueretako bat da. Erakusketa hori ere eraikin berean dago.
Haurrek abakoa erabiltzeak dauzkan onuren artean nabarmentzekoa da garunaren eskuineko aldeko hemisferioaren garapena, hau da irudimenarekin, berrikuntzarekin, sormen pentsamenduarekin eta pentsamendu artistikoarekin, espazioaren hautematearekin, mugimenduarekin eta orientazioarekin lotutako aldea. Carmen Gómezek azaldu duenez, metodoaren xedea ez da “haurrek kontuak arinago egitea, baizik eta arreta, kontzentrazioa eta buru garapena hobetzea”. Ikasleentzat dituen onuren artean aipatzen ditu bizkortasun aritmetikoa, ikusizko memorizazioa, arrazoiketa logikoa eta anizkuna, behaketa oinarritutako dedukzioa eta hatz psikomotrizitatea.
Carmen Gómez Montero 1974an jaio zen Leioan, Bizkaia. Burgosko Unibertsitate Politeknikoan hasi zen Arkitektura Teknikoa ikasten, eta Sevillako Politeknikoan bukatu zituen ikasketak. 2008ra arte, eraikuntza eta zaharberritze lanetan aritu zen Malagako probintzian, eta han bizi da 2001az geroztik. 2012an, José Luis Pérez Ocañarekin batera, Elefun sortu zuen, eskuineko aldeko hemisferioa garatzeko programa bat. Programak soroban abakoa erabiltzen du hezkuntza baliabide gisa. Egun Elefun metodoko eskolak ematen dizkie 5 urtetik 15 urtera bitarteko ikasleei, prestakuntza Elefun metodoko irakasle eta laguntzaileei Espainiako gainerako lurraldeetan, eta arkitektura eta zuzendaritza fakultatiboko proiektuak garatzen ditu.
Jarduerak eta erakusketa
Hitzaldi hori "Protokalkulagailuak: eskuzko kalkulurako gailuak eta kalkulurako gailu mekanikoak" izeneko erakusketaren harira programatutako jardueretako bat da. Erakusketa hori Sario eraikineko sarreran dago ikusgai, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 21:00etara arte. Erakusketan ikusgai daude berrogeita hamarretik gora tresna, makina eta mota askotako mekanismoak, gizakiak kalkuluak egiteko erabili dituenak III. mendetik XX. mendera arte.
Erakusten diren gailu guztiak -zenbait kopiak dira, beste batzuk jatorrizkoak- irakasle baten bilduma partikularrekoak dira, unibertsitateari eman zaizkionak. Nafarroako Rural Kutxaren eta Zientziarako eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren mendeko (Fecyt) Teknologiarako Espainiako Fundazioaren finantzaketa dauka erakusketak.
Aipatutako hitzaldiaz gainera, martxoaren 25ean, asteazkena, 19:00etan, bisitaldi gidatu bat egingo da erakusketara, eta edonori zuzenduta dago. Apirilaren 14an, asteartea, 10:00etan, "Ikasi abakoak erabiltzen eta egiten" izeneko lantegia egingo da Sario eraikineko 04. ikasgelan.