Joan eduki nagusira

zoom Joan den urteko saio baten irudia

Joan den urteko saio baten irudia

Daniel Innerarity filosofoak eta Gervasio Sánchez argazki-kazetariak emango diote hasiera aurten "Conversaciones-Solasaldiak" zikloari. Hainbat mahai-inguru eta solasalditan bai gizartearentzat orokorrean bai esparru zientifikoan interesgarriak diren gaiak aztertuko dira. Lehen hitzaldiaren izenburua hau da: "Krisi etikoa, balio krisia: hedabideen eta politikaren arteko harremana". Hitzaldi hori datorren martxoaren 17an izango da, 19:00etan, Iruñeko Planetarioan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak hasiera emango dio, modu honetan, "Conversaciones-Solasaldiak" zikloaren laugarren edizioari. Ziklo hori Unibertsitateak eta Nafarroako Parlamentuak, elkarrekin ekitaldiak egiteko izenpetu duten lankidetza-hitzarmenean sartzen da.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile batek koordinatzen du mahai bakoitza, eta mahai horietan parte hartzen dute beren jakintza-arloetako adituek eta pertsona nabarmenek, zeinek beren ikuspuntuak eta esperientziak adierazten baitituzte aztertzen den gaiari buruz. Ondoren publikoari ematen zaio hitza, bakoitzak nahi duena esan dezan.

Lehen hitzaldia asteartean izango da, martxoaren 17an. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Zuzenbide Publiko Saileko irakasle Soledad Barberrek koordinatuko du lehen hitzaldi hori. Daniel Innerarity filosofoak eta Gervasio Sánchez argazki-kazetariak hartuko dute parte. Zikloaren gainerako saioak maiatzetik aurrera izango dira, uda baino lehen eta uda eta gero.

Hizlari gonbidatuak

Daniel Innerarity Filosofia Politiko eta Sozialeko katedraduna da, "Ikerbasque" ikertzailea Euskal Herriko Unibertsitatean eta bertako Gobernantza Demokratikorako Institutuko zuzendaria. Irakasle gonbidatua izan da Europako eta Ameriketako hainbat  unibertsitatetan, eta ohiko kolaboratzailea da El Correo / Diario Vasco eta El País egunkarietan eta Claves de razón práctica aldizkarian.

Liburu asko argitaratu ditu, eta horien artean azpimarratzekoak dira Ezagutzaren demokrazia (Euskadi saria saiakeran 2012), Abegi onaren etika (Alpeetako filosofia-elkartearen saria, 2011. urtean,  frantsesez idatzitako filosofia liburu onenari) eta Politikaren eraldaketa (Miguel de Unamuno III. Saiakera Saria y Literatura Sari Nazionala saiakeran 2003. urtean). Bere liburuetako asko itzuli dituzte Frantzian, Ingalaterran, Portugalen, Estatu Batuetan, Italian eta Kanadan.

Eusko Ikaskuntza-Caja Laboralek Humanitate, Arte, Kultura eta Giza Zientzien Saria eman zion 2008an. Kulturako Vianako Printzea Saria jaso zuen 2013an. Espainiako Senatuak hala proposatuta, Unibertsitateen Kontseiluko kidea izan da, Latinitatearen Akademikoa ere bada, baita Salzburgoko Arteen eta Zientzien Europako Akademiako kidea ere. “Le Nouvel Observateur” Frantziako aldizkariak sartu zuen, 2004. urtean, munduko 25 pentsalari onenen arteko zerrenda batean.

Gervasio Sánchez Kordoban jaio zen 1959ko abuztuan. 1984. urtetik kazetaria da, eta Zaragozan bizi da duela 30 urte. Heraldo de Aragón eta La Vanguardia egunkarietan argitaratzen dituzte bere lanak, eta Cadena Ser eta BBC-ren kolaboratzailea da.

Hainbat argazki-liburu egin ditu: Sarajevoko Setioa (1995), eta Blume argitaletxeak argitaratutakoak: Minaz jositako bizitzak (1997, 2002 eta 2007), Kosovo, deportazioaren kronika (1999), Gerraren haurrak (2000), Heriotzaren karabana. Pinocheten biktimak (2002), Denboraren taupadak (2004), eta gero Ricardo Calero artista plastiko eta eskultorearekin batera argitaratutakoak: Sierra Leona, gerra eta bakea (2005), Sarajevo 1992-2008 (200), Desagertuak (2011), Antologia (2012) eta Afganistango emakumeak (2014).

Manuel Leguinecherekin batera, Gerraren begiak (omenaldia Miguel Gili) izeneko liburua koordinatu zuen, eta 2004an Salba itzazue haur soldaduak liburua argitarat zuen.

Jasotako sarien artean, joan den abenduan Giza Eskubideak Sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko 2014ko Saria jaso zuen. Sari hau datorren martxoaren 18an emango diote NUPen. Horretaz aparte, Aragoi, Almeria eta Kordobako kazetaritza elkarteen sariak jaso ditu, baita beste sari hauek ere: Cirilo Rodríguez, Ortega y Gasset, Rey de España, Julio Anguita Parrado, Bartolome Ros; eta 2009an Argazkigintza Sari Nazionala eman zioten. UNESCOren bakearen aldeko mezulari berezia da, 1998. urtetik. 2004an, Aragoiko Gobernuak Merezimendu Profesionaleko Domina eman zion eta 2011n Espainaiko Gobernuak Gizarte Elkartasunaren Orden Zibilaren Gurutze Handia eman zion. Zaragozako seme kuttuna da, eta Kordobako Argazgilarien Elkarteko (AFOCO) ohorezko kidea.