Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileak proiektu bat egiten ari dira, zerealeko lur-zatietan, bai lehorreko laborantzan, baita ureztatuan ere, produzitzen den biomasa-kopurua kalkulatzeko, satelitearen eta dronen bidez lortutako irudiekin. Proiektuan laguntzen du Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalak (EBZN-CENER), hura arduratuko baita laginak laborategian aztertzeaz potentzial energetikoa ebaluatzeko.
"Bi irudi-mota erabiliko ditugu —azaldun du Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko Jesús Álvarez Mozosek—: Sentinel 1A satelitetik datozenak eta dron batekin lortuko ditugunak. Alderaketa bat egin nahi dugu, laboreak nola garatzen diren aztertu, eta eskuragarri dagoen biomasa-kopurua estimatu, ikusteko ea merezi duen metodo hauek erabiltzea, landare-laginketa bezalako ohiko tekniken ordez, hauek garestiagoak izaten baitira".
Sentinel-1A satelitea (2014ko apirilean orbitan ipinitakoa), Europako Agentzia Espazialaren Sentinel konstelazioko lehena da, Lurra behatzeko Copernicus programaren oinarria baita. Beste alde batetik, erabiliko den drona edo RPAS delakoa (ingelesetik datorrena, Remotely Piloted Aerial System) Technidrone Nafarroako enpresaren diseinu bat da. Enpresa hau duela gutxi sortu da, eta honelako ekipoak fabrikatzen ditu, mantetze-lanez eta aholkuak emateaz arduratzeaz aparte.


Ezkerretik eskuinera, ikertzaile hauek: Luis Miguel Arregui, Mikel Goñi, Jesús Álvarez, Amaia Izaguirre (NUP) eta Goizeder Barberena (CENER).
Biomasa energia-iturri moduan erabil daitekeen materia organikoa da. Zerealen kasuan, non interesgarria dena alea baita, biomasa lastoa litzateke, materia organikoaren hondakina, alegia, zeinarekin jatekoa ematen baitzaio aziendari, eta energia berriztagarriaren iturri moduan erabiltzen baita.
Proiektuan Artaxoako, MIrandako, Faltzesko eta Tafallako kooperatibek parte hartzen dute, gari eta garagarraren lur-zatiekin, lehorrekoak eta ureztatuak. "Laboreak nola garatzen ari diren jarraitzen dugun arren, biomasan ipintzen dugu arreta berezia. Kontua da ahalik eta ezagutza handiena izatea, zereal-aldaera guztiak ez direlako berdin hazten: batzuek eite handiagoa daukate, beste batzuek landare-hondakin gehiago sortzen dute, eta abar. Eta jakin nahi dugu ea irudiekin estimatzen ahal dugun zenbat kilo biomasa lortzen diren metro karratu bakoitzeko, horrek bidea emango lukeelako laborearen garapenaren arazoak atzemateko eta eskualde baten potentzial energetikoa ezagutzeko, biomasa-plantak ezartzeko plangintza egiteko eta are planta berriak ezartzeko tokirik egokiena zein den aztertzeko ere."
Proiektuaren izena "Biomasa estimatzeko tekniken garapena, Sentinel-1A satelitearen irudietan oinarrituta" da. Haren aurrekontua 28.000 eurokoa da eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren finantzaketa jaso du. Jesús Álvarezek ez ezik, Nekazaritzako Ekoizpeneko Saileko Luis Arregui Odériz irakasleak eta Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko Mikel Goñi Garatea, Amaia Izaguirre Azkutia eta Alex Martínez de Aguirre ikertzaileek parte hartzen dute.
Irudiak eta saturazioa
Proiektuak urte bateko iraupena izango du. Sateliteak nekazaritza-urte osoan zehar lortutako irudiak aztertuko dira, baita dronek egindako argazkiak ere. "Honi esker bi irudi-mota edukiko ditugu: alde batetik, satelitearenak, eskualdeko eskalan, zeinak ez dira argazki ohikoak, erradarraren irudiak baizik; hau da, mikrouhinen uhin luzeran lan giten duten sentsoreek lortutako irudiak; eta beste alde batetik, dronek lortzen dituena, oso eskala lokalean".
Dronen irudiek emango duten biomasari buruzko informazioa kolorean oinarrituko da, beraz "zerealaren estalkia dentsoa denean, nahiz eta laborea alturan hazten segitu, lortzen den balioa adierazle maximo bat izango da, biomasa maximoa, eta saturazio-arazoak ekar ditzake", azaldu du Álvarez irakasleak. Arazo hau, ordea, konpentsatu daiteke satelitearen irudiekin alderatuz gero, "non irudi optikoen saturazio efektu hori ez baita gertatzen".
Ikertzaileek espero dute proiektuak ezagutzak zabalagotzeko eta nekazaritza hobeki kudeatzeko aukera emango duela. "Irudika dezagun, esaterako, kanpainaren erdian nekazari batek jakin nahi duela bere lur-zatietako laboreak nola dauden, jakiteko, esaterako, ongarri gehiago ipini behar ote duen, edo gehiago ureztatu behar ote duen. Dron batek hegaldi bat egin lezake, diagnostiko bat prestatu eta arazoren bat daukaten aldeak atzeman. Modu berean, nekazaritza kooperatiba batek antzeko analisia egin lezake eskala handiagoan, satelite baten irudiak erabiliz".