Joan eduki nagusira

zoom A3U programaren logotipoa.

A3U programaren logotipoa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak lagun-tutorearen irudia sortu du Graduko eta Masterreko praktiketan ikasleen prestakuntzan instituzioarekin lankidetzan jarduten duten mila profesionalek baino gehiagok garatzen duten lana aitortzeko. Tutore horiek prezio berezien onurak edukiko dituzte, eta lehentasunezko sarbidea edukiko dute NUPen hainbat zerbitzutara, Adiskide eta Ikasle Ohien Alumni Programa zaharra ordezten duen A3U Programa berriaren bidez. Adiskide eta Ikasle Ohien A3U Programak eskaintzen dituen edukiak eta zerbitzuak kontsultatzeko daude NUPen webgunean .

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak berriki onetsi du izendapen berri hau, Unibertsitatetik ateratzen direnekin harreman lotura iraunkorra edukitzen jarraitzeko asmoz, eta modu berezian sakontzen duena "Unibertsitatearen Adiskideak" atalean.

Proiektu berri honen xedea da aitorpena egitea NUPek prestakuntzaren arloan dauzkan kanpoko laguntzaileei, bereziki osasun zerbitzuetako praktiketan, hezkuntza zentroetako praktiketan eta enpresetako praktiketan dabiltzanei. Ikasturte batean edo ikasturte bat baino gehiago metatuz, praktiketako tutore lanean guztira gutxienez ehun orduz lagundu duten pertsonak A3U Programako kide izatera pasatuko dira urtebetez, eta kuota ordaindu beharrik gabe.

Tutore horiek edukiko dituzten abantailen artean daude Titulu Berekietan, etengabeko prestakuntza ikastaroetan, hizkuntza ikastaroetan eta kirol jardueretan sartzeko aukera prezio berezietan, edo Liburutegiaren hainbat zerbitzutan sartzekoa (liburuen mailegua, bibliografiari buruzko informazioa eta sarbide askeko ordenagailuak).

A3U Programa berria

Adiskide eta Ikasle Ohien A3U Programa berria abian jarri da NUPen, unibertsitatetik ateratakoen eta Unibertsitatearen adiskideen artean lotura eta lankidetza sustatzeko xedez. Ikasleen Gaietarako eta Enpleguko Errektoreordetzaren eta Unibertsitate Proiekziorako Errektoreordetzaren mendeko programa hau Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren mandatu baten bidez kudeatzen da.

Tituludunei dagokienez, programak haien  ibilbide profesionalean eta etengabeko prestakuntzan lagundu, eta sareak sendotu nahi ditu beren artean eta unibertsitatearekin daukaten harremanean.  Bestalde, Unibertsitatearen Adiskideak azpiprogramaren xedea da instituzioarekin lankidetzan ari diren pertsonak identifikatzea, eta lotura horiek sendotzea, NUPen helburu eta eginkizunak garatzen laguntzeko. Kasu horretan sortu da lagun-tutorearen irudia,  A3Uren kide izan nahi dutenekin batera aritzeko. Lagun-tutore izateko inskripzio-orri bat bete behar da.

Proiektuak erantzuna eman nahi die Unibertsitatearekin lankidetzan ari diren pertsonen beharrei, eta loturak eta etengabeko komunikazioa sortu nahi ditu nafar gizartearen profesional eta teknikariekin, instituzioaren ospea eta lankidetza esparruak zabaltzen laguntzeko xedez.