Joan eduki nagusira

zoom Eragile sozioekonomikoen bilera Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean.

Eragile sozioekonomikoen bilera Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean.

Gizarte, lanbide eta enpresa erakundeen ordezkariak parte hartzen ari dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko titulazioen egiaztapena berritzeko prozesuan. Titulazio horiek Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak (ANECA)  ebaluatuko ditu aurten. Gizarte Kontseiluaren ekimen bat da, eta unibertsitateren kalitaterako barne prozesuak sendotzen laguntzen du.

Europako Unibertsitate Eremuak ezartzen du graduko unibertsitate ikasketak abian jarri eta handik sei urtera ikasketa horiek ebaluatu behar dituela ANECAk, beren egiaztapena berritzeko. Unibertsitateak ikasketen jarraipen bat egiten du urtero, titulua egoki ezarri dela egiaztatzeko, hasierako helburuen arabera, eta titulua abian jartzeak ekarri dituen emaitzak aztertzeko.

zoom Ezkerretik eskuinera, Santiago Iraburu Gizarte Kontseiluko burua, Jesús María Pintor Irakaskuntza Antolatzeko errektoreordea eta Pablo Arocena Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa.

Ezkerretik eskuinera, Santiago Iraburu Gizarte Kontseiluko burua, Jesús María Pintor Irakaskuntza Antolatzeko errektoreordea eta Pablo Arocena Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa.

Testuinguru horretan, Gizarte Kontseiluaren Irakaskuntza Batzordeak, Irakaskuntza Antolatzeko Errektoreordetzarekin lankidetzan, protokolo bat onetsi zuen zegokion garaian, unibertsitatearen gizarte eta enpresa inguruneak graduko titulazioen jarraipen, egiaztatze eta kalitatearen etengabeko hobekuntzako prozesuetan parte hartzeko. Kanpoko profesionalez osatutako lan-taldeek egiten dituzte balioespenak, eta profesional horiek  beren lanbide-esparruek egun dituzten eta etorkizunean izango dituzten beharrei buruzko ikuspegia eskaintzen dute. Horiek horrela, fakultateek eta eskolek ingurune produktibo eta sozioekonomikoaren gomendioak jasotzen dituzte, eta gomendio horiek lagungarri suertatzen dira, unibertsitatearen prestakuntza jarduera gizartearen beharretara egokitzeko.

Gizarte Kontseiluak sustatutako zeregin horretan lankidetzan jarduten dute Irakaskuntza Antolatzeko Errektoreordetzak eta Antolamendu eta Kalitaterako Atalak, Unibertsitate-Gizarte Fundazioak, fakultateek eta eskolek eta profesional ugarik.

Gizarte, lanbide eta enpresa eragile horiek titulazioak egiaztatzeko hainbat lan-taldetan parte hartzen ari dira ikasturte honetan. Lehen saioan gradu bakoitzari buruzko txosten bat ematen diete irakaskuntza-ordezkariek, eta bigarren saioan titulazioak balioesten dituzte, gizarte eta lanbide ingurunearen beharretara egokitzeko moduaren ikuspegitik.

 Bigarren saioaren ondorioak gomendio gisa bidaltzen zaizkie ikastegietako arduradunei (fakultateak eta eskolak), Irakaskuntza Antolatzeko errektoreordeari eta Gizarte Kontseiluaren Irakaskuntza Batzordeko buruari. Gomendio horiek titulazioen etengabeko hobekuntzaren prozesuaren barruan egongo dira. Hori dela-eta titulazioen egiaztapena berritzeko prozesuaren dokumentu-oinarriari gehituko zaizkio.