

Ezkerretik eskuinera, Ramón Gonzalo, Gonzaga Santesteban, Carlos de la Cruz eta Cristina Gómez Polo NUPeko ikertzaileak
Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Bodegas Ochoa, Enonatura eta Cima-NTI enpresak parte hartzen ari dira VITICS proiektuan. Mahastien egoera hidrikoa monitorizatzeko teknologia berriak eta IKT gailuak erabiltzea da proiektuaren helburua. Zehazki, bi sentsore mota berri garatu nahi dira, bi teknologiatan oinarrituta daudenak: espektroskopia terahertzen eskualdean eta material magnetoelastikoen propietateak. Sentsore horien bidez informazioa lortu nahi da mahastian erabilgarri dagoen ur kantitateari buruz egun merkatuan daudenekin baino kostu eta energia-kopuru txikiagoarekin. Horretaz gainera, etxalde bakoitzean banatutako sentsore sare batetik abiatuz, eta teledetekzioaren bidez lortutako informazio osagarriaren bidez, lursail osoaren egoera hidrikoa zein den jakitea espero da.
Gonzaga Santesteban García NUPeko Frutagintza eta Mahastizaintza aurreratuak ikerketa taldeko kideak azaldu du bere taldea neurriak baliozkotzeaz eta proiektua koordinatzeaz arduratzen dela, “unibertsitatean garatuko diren parteen eta enpresekin elkarlanean landan egiten den lanaren arteko elementu komuna baikara”. Proiektuan parte hartzen ari dira, halaber, Antenak, Materialen Propietate Fisikoak eta Aplikazioak eta Komunikazioa, Seinaleak eta Mikrouhinak taldeetako ikertzaileak.
Lan honen bidez bi helburu erdietsi nahi dira: Alde batetik, sentsore berriak edo jada daudenak hobetuko dituztenak garatzea, "landarean hidrikoki nola dagoen urrutitik jakiteko aukera emango digutenak"; bestetik, teledetekzioaren bidez lortutako informazio osagarriaren bidez, lursaileko toki zehatz batzuetan lortzen diren datuak etxalde osora estrapolatzea. Azken helburua da mahastizainek eta landa teknikariek hobeki ureztatzen lagunduko dieten tresnak eskura izatea.
Sentsore berriak
Antenak taldea informazioa terahertzetan, espektro elektromagnetikoaren lerrunetako batean, hartzen duten sentsoreekin ari dira lanean. "Ikuspegi honekin inoiz erabili ez diren neurri batzuk dira. Islatze teknologiaren bidez lortutako informazioaren bidez, landarea ukitu gabe, bere egoera hidrikoaren adierazle on bat lortzea da helburua".
Azken hiru ekinaldietan teknologia doitu dute, eta ikertzaileak pozik daude lortu diren emaitzekin. "Hemendik aurrera, neurriak asmo orokorreko talde batekin egin baitira, prototipo bat egin eta gailu espezifiko bat garatu nahi dugu, arrazoizko kostua izango duena eta eraginkorrenak diren uhin-luzerak erabiliko dituena".
Materialen Propietate fisikoak eta Aplikazioak taldeko ikertzaileak ari dira egiten bigarren lan-ildoa sentsoreekin. Beren helburua da kostu txikiko sentsore magnetoelastikoak garatzea, LVDT ohiko dendrometroak ordeztuko dituztenak eta energia gutxiago behar dutenak. Ekonomia eta energia kostu txikiko sentsoreak lortzeko alderdi horretan ari dira lanean, halaber, Komunikazioak, Seinaleak eta Mikrouhinak taldeko ikertzaileak. Sentsoreen osagaien garapen elektronikoaz arduratzen dira.
Sentsore sarea mahastian
Gailuak garatzeko lanean diharduten bitartean, Bodegas Ochoaren 7 hektareako etxalde batean estres hidrikoaren espazio aldagarritasunaren karakterizazio bat egiten ari dira. Horretarako, 100 guneko laginketa sare bat instalatu dute; "sareak karakterizazio hori egitea ahalbidetzen digu: mahastiek zenbat ur daukaten jakitea, zein kalitate duen mahatsak eta mahastiek lursailean duten kokapenak zein eragin duten jakitea", esan du Santesteban irakasleak.
Horrez gainera, hegazkin baten bidez lortutako teledetekzioko irudiei esker, badaukate landareen hazkundearen mapa bat. "Datu horiekin guztiekin erabakiko dugu lursaileko zein tokitan jarriko ditugun sentsoreak: 9 edo 10 nodoko sare bat jarri nahi dugu, eta horien bidez landarearen egoera hidrikoaren balioespen jarraitua edukiko dugu denboran, eta, zuzenketa koefizienteak aplikatuta, informazio hori lursail osora estrapolatzeko gai garen eta hala espazioan balioespen jarraitua lortzeko gai garen jakingo dugu".
VITICS proiektuaren gainerako bazkideen ekarpena hainbat modutakoa izan da: Bodegas Ochoak landa-lanetan, laboraren mantentze-lanetan eta ardogintzan laguntzen du; Enonaturak sentsoreentzako euskarrien garapen praktikoago batean laguntzen du; Cima-NTI teknologia enpresak bi zeregin dauzka: sentsore sarea eta programa informatiko bat garatzea, lursailen informatika kudeaketa ahalbidetuko duena, mahastien kokapenari, ureztatze motari, lursail bakoitzeko barietateari, eta abarrei buruzko irakurketa egiteko, eta, gainera, sentsoreen funtzionamenduari buruzko informazioa ematea (datuei, alertei, mailei eta abarrei buruzko irakurketa).
VITICS proiektua 2015eko abenduan amaituko da, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak FEDER 2007-2013 programa operatiboaren bidez eta Nafarroako Gobernuaren Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak finantzatu dute. Proiektuaren aurrekontua 563.709,71 euro da, eta kopuru horretatik 333.234 euro NUPentzat den diru-laguntzari dagozkio.