"Hauteskundeen aurreko inkestetan sakelako telefonoa baizik ez daukatenak baztertzeak oker nabarmenak sortzen ditu boto-asmoa kalkulatzean: eskala ideologikoan eskuinean dauden alderdien aldeko boto-asmoa goitik jotzen da, eta ezkerrean daudenen aldekoa behetik jotzen da". Hauxe da Sara Pasadas del Amok Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin duen doktoretza tesiaren ondorio nagusia. Tesian aztertu du populazio honi jaramon ez egiteak hauteskundeen aurrean telefonoaren bidez egiten diren inkesten emaitzen zehaztasunean zer nolako ondorioak dauzkan.
Ikerketa honen egileak azpimarratu du emaitzek "erakusten dutela estaldura-falta gizarte-bereizketaren aldaeren arabera egituratzen dela; beraz, espero izatekoa da arazo honek estimazio okerrak sortuko dituela, baita ere, gure herrian interesgarriak diren beste hainbat ikerketa sozial eta politikoen emaitzetan".
Doktoretza tesiaren izenburua honako hau da: "Población ‘solo móvil’ y precisión de las encuestas preelectorales basadas en el modo de administración telefónico. El caso de las elecciones andaluzas de 2012". Vidal Díaz de Rada Igúzquiza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia Saileko irakasleak zuzendu du, eta bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du.
Lanaren abiapuntua 2012ko Andaluziako erkidego-hauteskundeetan dago, hauteskunde horietan aldez aurretik egin ziren inkesta guztiek huts egin baitzuten. "Inkesta guztiek esaten zuten PPren eta PSOEren arteko aldea bederatzi eta hamabost punturen artekoa izango zela, eta azkenean puntu bat eta pixka bat gehiago baizik ez zen izan". Halaber, ikerketaren fidagarritasuna eta baliogarritasuna tinkoagotzeko, egileak azterketa errepikatu zuen bi hauteskundeen emaitzekin, biak Andaluzian: 2011ko hauteskunde orokorrak eta 2014ko Europako hauteskundeak.
Mehatxua sinesgarritasunerako
Sara Pasadas del Amok esaten duen bezala, hauteskundeen inkesten zehaztasun falta “kontu konplexua da, hainbat faktoreren batuketak baizik ezin azaldu dezakeena. Faktore hauei buruz asko lan egin izan da zientzia politikoaren arloan, baita inkesten metodologiaren arloan ere”.
Zehaztasun falta horren arrazoiak bi kategoriatan sailka daitezke: alde batetik, inkesta egiten zaien hautesleen jokabidearekin lotutako faktoreak, hauetako batzuek gauza bat esaten dutelako inkestaren egunean eta beste bat egiten dutelako hauteskunde egunean; eta bestetik, inkesten diseinu tekniko-metodologikoarekin lotutako faktoreak.
Tesiak aintzat hartzen du, batez ere, zer nolako desbideraketa dakarren, hauteskundeen emaitzak kalkulatzeko, telefonoaren bidezko inkestak bakarrik telefono finkoetan egiteak, "horrela baztertzen baita populazio espainiarraren % 20tik % 30era, zeinak ez baitu sakelako telefonoa besterik". Hau dela-eta, gero eta gutxiago dira inkesta batean parte hartzeko deituak izateko probabilitateren bat daukaten pertsonak.
Telefonoaren bidezko elkarrizketaren kasuan, hau baita Espainian egiten diren hauteskundeen aurreko inkestak egiteko ia beti erabiltzen den modua, biztanleriaren erdiak ez duela inolako aukerarik lagin bateko parte izateko jotzen da, dela etxean telefono finkoa ez daukalako, dela beren telefono zenbakiak agertzen ez direlako inkesta hauetako askok lagina osatzeko erabiltzen duten telefono-direktorioetan. "Telefonoaren bidez lokalizatu ezin den populazio-zati berez aski handi honi, honelako inkestetan parte hartzeari uko egiten dion populazioa gehitu beharko litzaioke, bai eta, erantzuten badu ere, boto-asmoari buruzko galderak erantzuten ez dituena ere".
Emaitzen kalitateari dagozkion ondorio metodologikoez haratago, ikerketaren egileak uste du estaldura-faltak "inkestaren sinesgarritasuna, ikerketa-teknika den aldetik, kolokan jartzen ahal duela, eta publikoak inkestak egiten dituzten erakundeekin daukan konfiantza higatzen ahal duela, populazioaren parte handi baten iritziak albo batera uzten direnez".
Sara Pasadasek dioenez, emaitzek agerian uzten dute "zer garrantzizkoa den, ahal den neurrian, lerro mugikorrak sartzea Espainian egiten diren inkestetan, eta beharrezkoa dela aukeratzea, kasu guztietan, lortzen diren datuen kalitatea lehenesten dituzten diseinu tekniko-metodologikoak, eta alboratzea kostua, emaitzak lortzeko bizkortasuna eta bestelako gorabeherak lehenesten dituztenak".
Sara Pasadas del Amo Soziologian doktorea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta Ikasketa Sozial Aurreratuen Institutuaren (IESA/CSIC) Ikasketa Aplikatuen Unitate Teknikoa koordinatzen du, han lan egiten baitu 2002. urteaz geroztik. Ikerketa metodologian espezializatuta dago, gizarte zientzien esparru orokorrean, eta batez ere inkesten teknikaren alorrean. Bere ikerketa-lanaren interesgune nagusia da inkesten teknikak eta prozedurak hobetzea, eta horiek testuinguru sozial eta teknologikoari egokitzea, lortzen diren datuen kalitatea hobetzeko asmoz. Azken urteetan Espainiako telefonoaren bidezko inkesten laginetan telefono mugikorrak sartzeko prozedurei buruzko ikerketak egin ditu.