Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, ikertzaileak: Francisco Falcone, Peio López, Leire Azpilicueta, Erik Aguirre eta José Javier Astrain

Ezkerretik eskuinera, ikertzaileak: Francisco Falcone, Peio López, Leire Azpilicueta, Erik Aguirre eta José Javier Astrain

Sentsoreen Elektronikaren eta Aplikazioen Nazioarteko Biltzarrak sentsoreen eremuko Best Paper Award (artikulu onenari saria) eman dio Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile batzuek aurkeztutako lanari. Ikertzaileak hauek izan dira: Erik Aguirre, Peio López, Leire Azpilicueta, José Javier Astrain, Jesús Villadangos eta Francisco Falcone. Joan den astean argitaratu zuen artikulua Sensors aldizkariak. Bertan, esaten da zein den konfiguraziorik onena sentsore sare bat ezartzeko, kosturik ekonomiko eta energetiko txikienarekin, eta erabilitako komunikazio sistemen interferentziarik txikienarekin.

Lana berriki sortu den SmartCities ikerketa institutuaren lan-lerroen barruan ezartzen da, zehazki sentsore sareen eremuan. "Gaur egun, joera giro edo testuinguru-adimenaren inguruetara jotzea da; hau da, erabiltzailearekin elkarreragiten duten inguruetara", azaldu du Francisco Falcone irakasleak. Elkarreragin hori gertatzeko, "gailurik ohikoena sakelako telefonoa izaten da, baina komunikazio sistemaren bat daukan beste edozein gailurekin ere egiten ahal da".

Funtsean, inguruan daukaten azpiegiturarekin komunikatzen diren haririk gabeko sistemei buruz ari gara. Azpiegitura hori wifi-antena konbentzional bat izan daiteke, baina baita ezusteko tokietan ezarritako antenak ere: lanparetan, altzarietan, faroletan, autoetan, eta abarretan; edozein elementu izan daiteke komunikazio-zentro txiki bat. "Guk barne-espazioak hartu ditugu aintzat, ikuspuntu erradioeletrikotik askozaz ere konplexuagoa delako, baina berdin-berdin aplikatzen ahal da kanpo-espazioetan".

"Hau dena oso lotuta dago gauzen internetarekin eta hiri adimendunekin —adierazi du Falconek—, eta oso ongi planifikatu beharrekoa da: makina bat sentsore jartzen ari naiz; non jarriko ditut, ordea, kostua, energia kontsumoa eta komunikazioekin gertatzen diren interferentziak ahalik eta txikienak izan daitezen?" Ikertzaile hauek erantzuna lortu dute, eta horretarako sentsore sarearen kokapena eta haren zabalpena inguru konplexu batean optimizatzen duten kode bat sortuz, eta horrela komunikazio sistema optimoa lortu dute.

Energia kontsumorik txikiena

Beren laneko gauza garrantzitsuenetako bat izan da sistemaren kostu energetikoa kalkulatzea, kostua ahalik eta txikiena izan dadin. "Sentsore guztiak haririk gabekoak dira; baterien bidez elikatzen dira, edo, behar izanez gero, energia berriztagarriak erabiltzen ahalko lituzkete zelula fotovoltaiko baten bidez, esaterako —azaldu du José Javier Astrain irakasleak—. Komunikazioetan zenbat eta gutxiago kontsumitu, hainbat luzeagoa izango da sarearen bizitza, eta ahalegin ekonomiko eta pertsonal txikiagoa eskatuko du".

Alde honetatik, sentsoreak zer potentzia jasotzen duen kalkulatzeaz aparte, lan bat egin da jakiteko sentsoreak zenbat energia kontsumitzen duen, ezartzen den tokiaren arabera. "Horretarako kodea, algoritmoa alegia, optimizatu behar da, behar den informazioa lortzeko beharrezkoa den mezu-kopururik txikiena bidal dezan. Gakoa da beharrezkoak ez diren datuak ez bidaltzea, horiek bidaltzeak kontsumoa handiagotzea ekarriko lukeelako".

Hemendik abiatuta, gailuak modu optimo eta eraginkorrean nola komunikatu ezarri denetik aurrera, gailuari egoki jotzen diren sentsore guztiak eransten ahal zaizkio. "Hori guk aintzat hartu ez dugun ondorengo aplikazioa da; aldiz, smartphonerako aplikazio txiki bat garatu dugu, datu potentzial horien informazioa jasotzeko eta ikusteko bidea ematen duena. Egia esan, komunikazio sistemaren hardwarea garatzen bada, gero hainbat sentsore gehitzen ahal da: hezetasuna, tenperatura, CO2, alergenoak, eta abar, neurtzeko, neurtu nahi dituzun parametroen arabera, jakina".