Joan eduki nagusira

zoom Arrosadiko campuseko Hegaztien Gidaren azala

Arrosadiko campuseko Hegaztien Gidaren azala

Unibertsitate Publikoak larunbat honetan aurkeztuko du Arrosadiko campuseko Hegaztien Gida. Argitalpenean jasotzen da Gonzalo Deán Oroz Gorosti Natura Zientzien Elkarteak egindako landa lan baten emaitza; izan ere, berrogeita hamazortzi espezie erregistratu dira, eta horietatik berrogeita bat iraunkor daude urtean zehar, etengabe zein aldi baterako. 

Egileak berak emango duen hitzaldi baten esparruan egingo da aurkezpena, 12:00etan Civicanen, non hirietako hegaztiez ere mintzatu baita orokorrean. Ekitaldira iristen diren lehenek argitalpenaren ale bat jasoko dute. Hitzaldia bukatu ondoren, hegaztiak behatzeko bisitaldi gidatua egingo da Takonera parkera.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hegaztien Gidak jarraipena ematen dio duela zenbait urte "Campus berdea" liburuarekin hasi zen lanari. Hartan, Arrosadiko campuseko landarediari buruzko azterlan bat egin zen, non zuhaitzen eta oihanpearen aberastasuna islatzen baitzen modu zorrotz, ulergarri eta grafikoan. 

Argitalpen honek baieztatzen du campuseko berdeguneak hegazti barietate ugariren kokaleku iraunkor eta aldi baterako bihurtuz ere joan direla. Behaketa eta datuen bilaketa lana Gorosti Natura Zientzien Elkarteari enkargatu zioten, ornitologia atal bat baitauka, eta bertatik zuzentzen baitira Nafarroan hegazti faunari buruz gauzatzen diren azterlan ia guztiak, bertako zein nazioarteko proiektu mota guztietarako.

zoom Txepetxa

Txepetxa

Zehatz esateko, azterlana 2012ko udazkenetik  2013ko udazkenera egin zen, Gorosti elkarteko ornitologia ataleko kide batek, Gonzalo Deán Orozek, zuzenean garatu zuen, eta beste ornitologo batzuen laguntza ere eduki zuen. Bereak dira baita ere argazki ia guztiak, gehien bat campusean egindako behaketetan ateratakoak.

695 ale desberdin

Azterlanaren garapen praktikorako egin zen lursailaren eremu osoa hartzen duen transekto bat –hamar sektoretan zatitua-, eta bertatik hilabetean bitan egiten zen ibilbidea, hegazti guztiak, bai pausaturik bai hegan zebiltzanak entzuteko, zenbatzeko eta erregistratzeko. Informazio guztiarekin, espezie bakoitzaren identifikazio bat egin zen, izena eta sailkapena jarrita; haren biologiaren eta campusean zeukan presentziaren fitxa deskribatzailea; campusean bertan espezieen banaketaren mapa; haietariko bakoitzaren presentzia, ugaritasun eta dentsitatearen mapa; eta argazkiak.

zoom Okila

Okila

Behaketa aldian egindako erroldan 58 espezie desberdinetako 695 ale zenbatu ziren, eta horietatik 41 sailkatu ziren banakako fitxak egiteko, gainerakoak behaketa oso gutxitan, edo aldi bakar batean, atzemandako espeziei baitagokie. Behatutako espezie guztietatik, 46 paseriformeen taldekoak dira (karnabak, amilotxak, txontak, txolarreak…), 3 kolunbiforme (usoak, usapalak…), 3 akzipitriforme (miruak, gabiraiak eta beste zenbait eguneko harrapari), 2 falkoniforme (belatzak, belatz gorriak…), piziforme 1 (okila), txirritxoforme 1 (kaioa), antseriforme 1 (basahatea) eta apodiforme 1 (sorbeltz arrunta).

Campuseko erroldan jarritako hamar sektoreetatik, ale gehienak ibaitik hurbilen dauden horietan atzeman ziren,  zuhaitz-estaldura nabarmena eta gainerakoak baino basatiagoak baitira. Era berean, nabarmentzen da Olibondoak eraikinare atzeko aldea, belardia eta zuhaitzak baitaude bertan, bai hostoerorkorrak bai hostoiraunkorrak.