Joan eduki nagusira

Kontraesanean daude Itun Berria eta eboluzioaren teoria? Zein da gizateriaren etorkizuna biologiaren ikuspegitik? Non dute sorburua balio moralek: eboluzioan ala erlijioan? Egia da zientzialariak eta medikuak aurrerapauso handiak egiten ari direla gizabanakoen bizitza luzatzeko? Galdera horiei eta beste batzuei erantzun nahi die “Eboluzioa Davidentzat” liburuak. Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Laetoli argitaletxeak argitaratu dute, bereziki gazteei zuzenduta dagoen eboluzioaren laburpen bat egiten du hizkera oso ulergarri bat erabiliz.   Francisco J. Ayala biologo eta eboluzionista ospetsuak idatzi du liburua, eta 18 euro balio du. 

Egun organismoen jatorri ebolutiboak egiazko beste kontzeptu zientifiko batzuek duten ziurtasun maila bera du, hala nola Lurra biribila dela, planetek Eguzkiaren inguruan bira egiten dutela, edo materiaren molekula osaera.  Ziurtasun maila hori, arrazoizko zalantza orotatik harago doana, aipatzen dute biologoek eboluzioa egitate bat dela diotenean. 

Bizitzak Lurrean izan duen eboluzioari buruzko auzi garrantzitsuenak aztertzen ditu Francisco J. Ayalak liburu honetan. Kapitulu batzuek gai historikoak aztertzen dituzte, eta beste batzuek eboluzioa gertatu dela eta nola gertatu den erakusten duten datuak eskaintzen dituzte. Prozesu ebolutiboak azaltzen dituzten azalpen teorikoei buruzkoak dira liburuko beste atal batzuk, eta bereziki garrantzitsuak diren xehetasunetan sakontzen dute. Lan honetan giza bizitzako auzi garrantzitsuei erantzuten zaie, hala nola balio moralen sorburua. 

Francisco J. Ayala (Madrid, 1934) Biologia Zientzietako irakaslea da Kaliforniako  Unibertsitatean, Irvinen, eta Estatu Batuetan bizi da 1961az geroztik. American Association for the Advancement of Science-ko (1993-1996) lehendakaria izan zen, eta 2002an Zientzietako Domina Nazionala eman zioten, Estatu Batuek zientzialari bati emandako ohore handiena. 1994tik 2001era Bill Clinton lehendakariaren Zientzia eta Teknologia Aholkularien Batzordeko kidea izan zen. Honoris causa doktorea da hamar herrialdetako 20tik gora unibertsitatetan eta 40tik gora libururen egilea. Liburu horien artean daude espainieraz Giza eboluzioa. Gure espezierako bidea (Alianza, 2013), Geneen mendea (Alianza, 2009) eta Darwin eta diseinu adimenduna (Alianza, 2007).