Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak lankidetza hitzarmen bat izenpetu du Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuarekin, ikasleek C1 eta B2 egiaztagiri ofizialak eskuratzeko, ingelesez, frantsesez eta alemanez, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren bidez (NUHEO-EOIDNA). Lehen deialdia maiatzetik ekainera izango da, eta inskripzioa otsailaren 9tik 13ra egingo da, NUPen web-orrialdea erabiliz.

Hitzarmenak 200 ikaspostu gordetzen ditu NUPeko ikasleentzat, eta lehentasuna edukiko dute Irakasle Graduetako ikasleek, Atzerriko Hizkuntzako aipamenekoek, baita Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntza Masterrekoek ere. Zehatz esateko, 120 ingelesarentzat izango dira (80 C1erako eta 40 B2rako), 40 alemanarentzat (C1 eta B2 artean banatuak) eta beste 40 frantsesarentzat (20 C1erako eta 20 B2rako).

Hitzarmenaren helburua da lankidetza esparru bat ezatzea NUPen eta Hezkuntza Departamentuaren artean, jarduerak egiteko, unibertsitateko ikasleek atzerriko hizkuntzetan daukaten gaitasuna egiaztatu ahal dezaten. Ekintza hau NUPeko ikasle guztiei zuzentzen zaie, nahiz eta Irakasle Graduetako eta Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntza Masterreko ikasleek lehentasuna edukiko duten, haiek lotura berezia daukatelako hezkuntza sistema publikoarekin.  

Hitzarmenak ezartzen du, baita ere, Unibertsitateak bere instalazioak utziko dituela azterketak egiteko, beharrezkoa bada, eta Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak aholkularitza eta laguntza emango dizkiela NUPeko irakasleei eta bere Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiari, ikasleen prestaketan parte har dezaten.

Era berean, hitzarmenak esaten du Gobernuak aitortuko duela NUPek bere ikasleei egiten dizkien B1 mailako frantseseko edo ingeleseko azterketen balioa, NUHEO eskolaren B2 mailako probetara sartzeko. Gogorarazi behar da NUPen, Europako Unibertsitate Eremua abian jartzean, ezarritako Gradu berrietan, ikasketak amaitzean, Europako Esparru Komunaren B1 mailaren gaitasuna frogatu behar dutela ikasleek ingelesez, frantsesez, alemanez edo italieraz. Gaitasun hori frogatuko da  gaikuntza proba baten bidez, dagokion titulu edo ziurtagiri ofiziala aurkeztuta, nazioarteko mugikortasun programa bateko edo hizkuntza horietan ematen diren ikasketa plan bateko 18 kreditu gaindituta, edo hizkuntza horiek txostenean edo Gradu Amaierako Lanaren defentsan erabilita.

Aurreinskripzioa otsailaren 9tik 13ra

NUPek otsailaren 9tik 13ra irekiko du aurreinskripzioa Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren deialdian parte hartzeko. Hitzarmenean esaten denez, izena ematen duten ikasleek bi deialdi egiteko eskubidea edukiko dute, bat ohikoa eta bestea ohiz kanpokoa. Onartutakoen zerrendak otsailaren 16an argitaratuko dira, eta matrikula, on line ere egin daitekeena, NUHEOn egingo da otsailaren 23tik 27ra.

Lehen azterketa maiatzaren 28an egingo da (ingelesezko B2 maila egiaztatzeko), eta azkena ekainaren 10ean (alemanezko B2). Azterketetan ahozko proba bat eta idatzizko beste bat gainditu beharko dira.