Joan eduki nagusira

zoom Liburuaren koordinatzaileak, Álvaro Adot (ezkerrean) eta Juan Madariaga (eskubian), Alfonso Carlosena Ikerketa errektoreordearekin (erdian).

Liburuaren koordinatzaileak, Álvaro Adot (ezkerrean) eta Juan Madariaga (eskubian), Alfonso Carlosena Ikerketa errektoreordearekin (erdian).

Pamiela argitaletxeak, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lankidetzan, berriki argitaratu du “El euskera en las altas instituciones de gobierno a través de la Historia” (Euskara gobernuaren goi instituzioetan Historian zehar) liburua. Lana koordinatu dute Juan Madariaga eta Álvaro Adot irakasleek, eta bertan biltzen dira 2013ko azaroan Arrosadiko campusean egindako nazioarteko jardunaldi batzuetan aurkeztutako lanak.

Kontu jakina da instituzioek gaztelania, frantsesa, latina, eta baita okzitaniera hizkuntza ere ofizial egiteko hautua egin zutela, baina euskarak ere lortu zuen nolabaiteko presentzia instituzio haietako batzuetan, liburuan azaltzen diren hitzaldietan agertu bezala.

Hainbat ekarpenen bidez, zenbait erakundetako (Euskaltzaindia, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Euskal Herriko Unibertsitatea, Université de Pau et des Pays de l’Adour, University of Nevada) ikertzaile batzuk aztertu dute Euskal Herriko Instituzioek Historian zehar euskararekin izan duten harremana, eta XVI. eta XX. mendeen artean presentzia hori erreferentziatzen eta aztertzen saiatu dira hainbat azterketa esparrutatik begira, soziolinguistikotik hasi eta juridikoraino, kontuan hartuz baita ere esparru historiko hutsa eta administratiboa, edo XIX. eta XX. mendeen artean gertatutako prozesu politiko nagusiak ere bai.

Azterketa honetan sartzen dira mota askotako instituzioak: Nafarroako Errege Kontseilua, Nafarroa Behereko Errege Txanzilleria, Bizkaiko Batzar Nagusiak, Iruñeko gotzain hiriko epaitegiak, zenbait kontseilu eta euskal udal, etab.

NUPeko Juan Madariaga eta Pabeko eta Adourreko Herrialdeetako Unibertsitateko Álvaro Adot irakasleek eta lanaren koordinatzaile direnek sinatu dituzte hitzaldiak, eta haiez  gain egile hauek:  Andrés Urrutia euskaltzainburuak; Íñigo Urrutia, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak; Imanol Trebiño, Unibertsitate bereko liburuzainak; Joseba Intxausti Euskaltzaindiako kideak; Roldán Jimeno NUPeko irakasleak; Eneritz Zabaleta Pabeko eta Adourreko Herrialdeetako Unibertsitateko irakasleak; eta Xabier Irujo Nevadako Unibertsitateko (Reno) Center for Basque Studies zentroko kideak.