Joan eduki nagusira

zoom Andoni Urtasun Erburu.

Andoni Urtasun Erburu.

Andoni Urtasun Erburu industria ingeniariak korronte alternoko mikrosareen garapena sare elektrikotik isolatuta funtzionatzen dutenean aztertu du bere doktoretza tesian. Zehazki, energia kudeaketako estrategiak diseinatu eta inplementatzea izan da bere ikerketaren ekarpenetako bat.  "Sare elektrikoaren maiztasuna eta tentsioa komunikazio seinale gisa erabiltzeak elementu desberdinen arteko komunikazio kable luzeak kentzeko modua ematen du, halako eran non sistemaren kostuak murriztu eta bere fidagarritasuna handitzen baita, funtzionatzen jarrai dezakeelako bere elementuetako batek huts egiten badu ere", azaldu du.

Bere tesiak izenburu hau dauka: “Modeling and Control of Stand-Alone AC Microgrids: Centralized and Distributed Storage, Energy Management and Distributed Photovoltaic and Wind Generation”. Luis Marroyo Palomo eta Pablo Sanchis Gúrpide NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailekoak izan dira zuzendarikideak, eta Bikain cum laude kalifikazioa lortu du Nazioarteko Doktore aipamenarekin.

Andoni Urtasunek bateria sistema batez eta sorgailu fotovoltaiko eta minieolikoen multzo batez osatutako mikrosareak aztertu ditu. Normal dabiltzanean, bateriek hornitzen dituzte beharrezkoa duten energiaz; hau da, kargek kontsumitutako energiaren eta sistema berriztagarriek sortutako energiaren arteko aldea. Alabaina, bateriak erabat kargatu direnean eta energia gehiago hartu ezin dutenean, informazio hori sortze elementuei transmititu behar zaie, energia ekoizpena murriztu dezaten.

Azaldu duenez, “lan honetan proposatzen dugu bateriaren bihurgailu elektronikoek pixkanaka maiztasuna handitzea, sortze elementuek informazio hori interpreta dezaten eta bere ekoizpena murriztu dezaten beharrezkoa den neurrian. Bateria, instalazioaren elementu garestiena, babesten da horrela, eta bere bizitza baliagarria luzatzen da".

Estrategia askotarikoak

Halaber, elkarrengandik bereiz dauden hainbat bateria banku baldin badaude, bateriek energia aktiboa eta erreaktibo bera ekoiztea eta antzeko karga egoera edukitzea da desiragarriena. Hori dela-eta, sarearen tentsioa eta maiztasuna aldatzen duten estrategiak ere proposatzen dira, halako eran non lortu nahi zen helburua erdietsi eta komunikazio kableak erabiltzea saihesten baita.

Tesian egitura elektronikoak kontrolatzeko beste estrategia batzuk aztertzen dira, sorgailu berriztagarrien potentzia maximoa erabiltzeko modua ematen dutenak. "Sorgailu fotovoltaikoei dagokienez, proposatutako kontrol estrategiak kondentsadore txikiagoak erabiltzeko modua ematen du, kostu txikiagoa eta fidagarritasun handiagoa dutenak, bai eta, aldi berean, sistemak jatorrizko kondentsadorearekin zituen ezaugarriak izateko modua ere.

Azkenik, aerosorgailu txikiei dagokienez, lan honetan proposatutako kontrol estrategiak haizearen bidez lor daitekeen potentzia handiena edukitzeko modua ematen du "aldagaiaren neurketa elektrikoak eginez; hau da, haizearen abiadura edo aerosorgailuaren biraketa abiadura neurtu beharrik gabe".

Andoni Urtasun Erburu Industria Ingeniaria da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta erakunde horretan lan egiten du INGEPER ikerketa taldean (Ingeniaritza Elektrikoa, Potentzia Elektronika eta Energia Berriztagarriak) energia eoliko eta fotovoltaikoko sistemekin eta potentzia elektronikarekin lotutako gaietan. Sei artikulu argitaratu ditu nazioarteko hainbat aldizkaritan eta bost artikulu nazioarteko biltzarretan, eta enpresa eta erakunde publikoek finantzatutako I+G-ko bost proiektutan parte hartu du. 2014an ikerketa egonaldi bat egin zuen Sidneyko Unibertsitatean (Australia).