Joan eduki nagusira

zoom Laura Celaya Álvarez.

Laura Celaya Álvarez.

Laura Celaya Álvarezek Jesús García Leoz konpositore nafarraren bizitzan eta lanean oinarritu du bere doktoretza tesia. Bere iritzian, konpositorea “ia ezezagun bat da Espainiako gerraondoko zineman egin zuen lan aipagarriagatik salbu”. Ikertzaileak Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin du bere lana, eta hemerotekako dokumentu asko eta egilearen partitura bakoitza aztertu ditu. Prozesu horri esker musika erreferentziak 272 izatetik 485 izatera igaro dira.

Tesiaren izenburua “Vida y obra de Jesús García Leoz (1904-1953)” da, eta Isabel Ostolaza Elizondo Historiografia Zientzietako eta Tekniketako katedradunak eta Andrés Vierge Nafarroako Unibertsitate Publikoko Musikako irakasle titularrak zuzendu dute. Lanak Bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du.

Lanen katalogoa da beharbada ikerketaren ekarpen aipagarriena, musika materiala antolatzeko eta berriz kokatzeko lan sakon bat egin eta gero. “Katalogo arrazoitu horrek García Leozen bizi eta sormen segida hezurmamitzen du—aipatzen du egileak—, ez hainbeste gehitzen dituen titulu kopuru handiagatik, baizik eta ematen dituen datuen eta zirkunstantzien zehaztasunagatik”.

Ikerketa diziplinartekoa da metodologiari dagokionez, metodo historikoa, musika analisia eta artxiboen ikerketa uztartzen baititu, musika ikuspegi orokor batetik ulertzeko helburuarekin. “Alde batetik, dokumentu hemerografiko asko aztertu ditu. Bestetik partitura bakoitza orriz orri aztertu du, eta paper eta grafia motak konparatu ditu, eta izenburu bereko zenbakien melodia ildo batzuk egin ditu, hainbat espedientetan sailkatuta, gero konparatzeko. Prozesu hori egin eta gero, musika erreferentzien kopurua hasierako 272etatik 485era pasa da".

Konpositore nafarraren bizitzari eta ibilbideari ere egiten dio aipamena lanak. "Konpositoreak belaunaldi ahaztu horretako beste askok bezala, interprete gisa hasi zuen bere ibilbide profesionala".  Pianista gisa, zinema mutuaren laguntzetan eta kafetegietan aritu zen, bai Argentinan egon zen aldian, bai Madrileko hastapenetan, kontserbatorioan bere prestakuntza akademikoa erregularizatzen zuen bitartean. "Garai hartan hasi zen Ikasleen Egoitzaren inguruko intelektualekin harremanak izaten, eta haiek omendu zituen gero abesti zikloekin". Gero bere lehendabiziko lanak estreinatu ziren, eta zinema konpositore gisa ere hasi zen, eta lan horretan aritu zen zendu zen arte.

Musika eta zinema

Gerra Zibilean Intelektual Antifaxisten Aliantzarekin engaiatu zen; dokumental eta lan politikoentzako musika egin zuen. Hori dela-eta salatu egin zuten eta kartzelan egon zen. Rafael Alberti eta María Teresa Leónen adiskide mina izan zen.

Gerraondoan ideia horiei uko egin behar izan zien eta erbeste isil bat izan zuen. "Garbiketa politikoaren ondoren, García Leoz maila onean kokatu zen Madrilgo musika gizartean. Jacinto Guerreroren laguntza izan zuen, berarekin lan egin  baitzuen gerra baino lehen. Coliseum Antzokian pianista gisa hasi zen, eta han adiskidetu zen bere ibilbidea garrantzi handia izango zuten musikari handietako batekin: Ataúlfo Argenta”.

Tesi honen egileak aipatzen duenez, García Leozek lan garrantzitsua egin zuen gero Villa-Alcázarreko markesak Nekazaritza Ministerioarentzat egin zituen nekazaritzako dokumental zinematografikoetan. Dokumental horiek “orain arte ez zeuden konpositorearen katalogoan". Musika zinematografikoan "maila ona eman zion bizimodu bat aurkitu zuen". Hainbat konpositorerekin batera, hala nola Manuel Parada eta Juan Quintero, genero honetako lehenengo profesional autodidaktetako bat izan zen. 111 film luze eta 172 film labur dokumentaletarako musika konposatu zuen eta arrakasta handia izan zuen; horien artean, Ongi etorri Mister Marshall! izango da ziur aski gogoratuenetako bat”.

Bere ibilbideko azken aldian egin zuen "bestelako musika: baleta, zartzuela eta lied-a, berak esandakoaren arabera, egin nahi zuen musika hutsaz gainera".  Bere bizitzako aldi oparoena izan zen, hainbat sari eman baitzizkioten, 1941eko Konposizioko Lehen Saritik hasi, eta 1945etik 1953ra arte lortu zituen Idazle Zinematografikoen Zirkuluaren sei sari izan arte. "Bere bat-bateko heriotzak 1953ean, bai bere ibilbide profesionala, bai bere estiloaren bilakaera eten zituen, abangoardiaren kutsua zuen hizkera hizkera propio baterako bilakaera egiten ari baitzen.

Laura Celaya Álvarez Akordeoiko Goi Mailako tituluduna da Gasteizko Jesús Guridi Kontserbatorioan; Musika Hezkuntza diplomaduna Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Musika Gaitasunen Garapenaren Ikerketako Masterra ere egin zuen unibertsitate berean. Han lortu zuen doktore titulua. Akordeoiko eta Musikaren Hastapeneko irakasle gisa lan egiten du 2001etik aurrera Eguesibarko Musikako Udal Eskolan, eta eskolaren zuzendaria da 2011ko urtarriletik aurrera.