Joan eduki nagusira

zoom Fermín Esparza Alfaro

Fermín Esparza Alfaro

Fermín Esparza Alfaro Nafarroako Unibertsitate Publikoko telekomunikazio ingeniariak haririk gabeko zirkuituetarako zirkuitu analogiko berriak egin ditu bere doktoretza tesian. Esaterako, Bluetooth eta ZigBee-n erabiltzen direnak. Azaldu duenez, “Lan honen ekarpen handiena, gailuari dagokionez, kontsumitutako potentzia eta tentsioa gutxitzeko teknika jakin batzuen erabilera da”.

Egun bateriek elikatzen dituztenez haririk gabeko gailu gehienak, gailu horien autonomia handiagotzeko kontsumo ultra txikiko eta elikatzeko tentsio txikiko zirkuituak garatu nahi dira. Helburu horiek lortzeko, Fermín Esparzak "korronte modua" ikuspegia erabiltzen duten zirkuituak garatu ditu. Ikuspegi horren bidez zirkuitu bakun, laster eta kontsumo txikikoak diseina daitezke.

Bere doktoretza tesiaren izenburua hau da: “Power-efficient current-mode analog circuits for highly integrated ultra low power wireless transceivers”, Antonio López Martín NUPeko Seinalearen Teoria eta Komunikazioetako katedradunak zuzendu du eta bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du nazioarteko aipamenarekin.

Konbertsio zuzeneko haririk gabeko hargailuetarako zirkuitu analogiko berrien inplementazioan, egileak bai gailua, bai sistema landu du, eta anplifikazio aldi berriak, kanalaren iragazketa eta korronte moduaren detekzioa proposatu ditu.

Diseinu horiek guztiek zero erdi mailako maiztasuneko kontsumo ultra txikiko haririk gabeko hargailuak inplementatzen laguntzen dute. Zirkuitu bakoitza neurri esperimentalekin baliozkotu da. Horretaz gainera, analisi teorikoak egin dira zirkuituek tentsio eta kontsumo txikiko aplikazioetan duten ahalmena aztertzeko.

Fermín Esparza Alfaro telekomunikazio ingeniaria da NUPen  (2009) eta erakunde horretan egin zuen baita ere komunikazioetako unibertsitate masterra  (2011) eta bertan lortu zuen doktore titulua 2014an. Ikerketa-egonaldiak egin ditu Università di Catanian (Catania, Italia), Sevillako Unibertsitatean eta Laboratorie d’Analyse et d’Architecture des Systemesen (Toulouse, Frantzia). Hainbat ikerketa proiektutan parte hartu du, 6 artikulu argitaratu ditu nazioarteko hainbat zientzia aldizkaritan eta hogei bat komunikazio egin ditu nazioko eta nazioarteko biltzarretarako.