Joan eduki nagusira

zoom Ikasle berriak, topaketa egin eta gero.

Ikasle berriak, topaketa egin eta gero.

Guztira 79 ikasle atzerritar etorriko dira egun hauetan Nafarroako Unibertsitate Publikora, 2014-15 ikasturteko bigarren seihilekoa egitera. Ikasleen artean, 50 emakume eta 29 gizaseme daude, nazioarteko mugikortasuneko hainbat programatan parte hartzen dute eta 23 nazionalitatekoak dira. Lehen ikasle taldeak ostiral honetan, urtarrilak 23, ongietorria emateko jardunaldi batean parte hartu dute, Unibertsitatearen hainbat zerbitzuri buruzko informazioa jaso dute, eta Arrosadiko campusa bisitatu dute. Bigarren saioa heldu den ostiralean egingo da.

Gazte hauen erdiek, 39 guztira, Palafox programaren bidez ikasiko dute NUPen. Gainerakoek, programa hauen bidez: Erasmus (19) eta, askoz gutxiago, Aldebiko Hitzarmenak (6), Martín de Rada (6), ISEP USA (4), Nazioarteko ISEP (3) eta Ikasle Bisitariak (2). Herrialdeka sailkatuz gero, Mexikok ekartzen du gehien, 20 ikaslerekin. Gainerako herrialdeak dira: Txile, Estatu Batuak, Frantzia, Txina, Australia, Uruguai, Brasil, Kolonbia, Italia, Belgika, Hego Korea, Ekuador, Herbehereak, Turkia, Suitza, Suedia, Portugal, Polonia, Peru, Nikaragua, Austria eta Argentina.

 Ongietorria emateko jardunaldia

Ikasleek ostiral honetan, urtarrilak 23, parte hartu dute ongietorria emateko jardunaldian, eta Kanpo Harremanetarako Ataleko arduradunek azaldu diete Unibertsitatearen funtzionatzeko modua, eta ikasturtea amaitu bitartean biziko diren hiriari buruzko informazio erabilgarria eman diete. Bilera horietan informazioa ematen zaie egoitzari, garraioari, bizitzaren kostuari, osasun txartelari edo gaztelaniazko ikastaroei buruz.

Ikasleek, era berean, argibideak jaso dituzte NUPen zerbitzuei buruz (kirolak, jantokiak, liburutegia, boluntariotza, osasun laguntza, etab.) eta Arrosadiko campusean dauden instalazioak bisitatu dituzte.

Bilera honetara etorri dira, halaber, Alumni Programaren arduradunak, eta ikasle berriei programa bat azaldu diete. Programa horrek gazte horiek beren ingurune berrian integratzea du xede. Ekimen honen xedea da konfiantzazko harreman pertsonala izateko aukera ematea, eta bi aldeek nolabaiteko onura jasotzea. Alde batetik, Alumni kidea erreferentzia eta laguntza da ikasle atzerritarrentzat, hizkuntza hobetzeko, hirian integratzeko eta Unibertsitateko administrazio eta irakaskuntza kudeaketak egiteko. Eta, bestalde, ikasleak aukera ematen dio Alumni kideari bere erreferentziako hizkuntza praktikatzeko (frantsesa, ingelesa, alemana, italiera, txinera...) eta bere kulturari eta jaioterriari buruzko informazioa partekatzeko.

Atzerriko ikasleei harrera egiteko programa osatzeko, bisita gidatua egingo da Iruñean barna, eta ongietorri festa bat egingo da Ikasgelategiko kafetegian.