Luis Enrique Alonso soziologo eta ekonomistak hitzaldi bat emango du hurrengo asteazkenean, urtarrilak 28, Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Hiritartasun soziala gizarte garaikideari buruz gogoeta egingo du hizlariak. NUPeko Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko Unesco Katedrak antolatu du ekitaldia, eta 19:00etan hasiko da Sario eraikineko 04. ikasgelan. Begoña Pérez Eransus Unesco Katedraren zuzendariak aurkeztuko du hitzaldia, eta sarrera librea da.
Luis Enrique Alonso Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Ekonomia Zientzien Fakultateko Soziologia Saileko katedraduna da, eta Ekonomia Zientzietan lizentziaduna eta doktorea erakunde horretan bertan. Nazioartean irakasle lanetan jardun du Europako eta Latinoamerikako hainbat unibertsitatetan, eta egun "Lanari eta hiritartasunari buruzko azterketak" izeneko ikerketa-talde egonkorra koordinatzen du.
Berrogeita hamar artikulu argitaratu ditu bai Soziologiaren esparru hertsiki akademikoko, bai ekonomiaren eta merkatu ikerketaren esparru profesionaleko aldizkari espezializatuetan. Kontsumoaren, Lanaren eta Gizarte Mugimenduen Soziologiarekin lotutako gaiak aztertzen dituzten liburuen egilekidea ere bada.
Hiritartasunaren nozioa
Hitzaldi honen bidez giltzarri diren gai batzuk aztertu nahi ditu Unesco Katedrak, hiritartasun sozialari eragiten dion gatazka honi buruz gogoeta egiteko aukera emango dutenak. Hiritartasunaren nozioa gizarte zientzien esparruko eztabaida ugariren ardatz bihurtu da azken urteotan. Protagonismo hori lortu du, bereziki azken hamarkadetan areagotu den hiritartasun garaikidearen higatze prozesu bat identifikatu ondoren hainbat azterketa sozialen bidez.
Enpleguaren erregularizazioak eta Gizarte Ongizate eratzeak balio izan zuen langile-klaseari hainbat egiazko eskubide emateko eta, baita bazterreko taldeei ere, oinarrizko ondasun eta zerbitzu publikoak emateko. Hala ere, zenbait gizarte eraldaketak (krisia lan esparruan, indibidualizazio prozesuak, gizarte politikak pixkanaka mugatzeak, zaurgarritasunaren hedapenak, prekarietateak eta abar) eragin dute gizarte hiritartasunak, baliabide horietara iristeko bermetzat hartuta, hondatze nabarmena pairatu izana.