Joan eduki nagusira

zoom Vicente Ríos Ibáñez

Vicente Ríos Ibáñez

Vicente Ríos Ibáñez (Valentzia, 1985) Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia doktoretzako ikaslea da, eta Eskualdeko Zientziaren Elkarte Ekonomikoak (AECR) ematen duen Juan Ramón Cuadrado Ikertzaile Gaztea Saria irabazi du. Saria 1.200 eurokoa da eta aipatu elkarteak egiten duen Eskualdeko Azterketen Bileran eman da. Bilera Zaragozan izan zen, eta saria irabazi duen lanak Europako eskualdeetako langabezia-tasen arteko desberdintasunak ikertu ditu.

Ikerketaren izenburua hau da: “What drives unemployment disparities in European regions? A dynamic spatial panel approach”  ("Zerk eragiten du Europako eskualdeetako langabezia-tasak desberdinak izatea? Panel espazial dinamikoen bidezko ikuspegi bat"). Ikerketak eredu matematikoak eta teknika ekonometriko sofistikatuak erabiltzen ditu, langabezian eragina eduki dezaketen faktoreen efektua eta garrantzia zehazteko. Egileak dioenez, ikerketaren berrikuntza metodologikoak bidea ematen du "langabeziaren auzia orain arte baino zorroztasun handiagoarekin aztertzeko, eta Europako Batasunean sartzeak ekarri duen elkarren arteko mendekotasun ekonomiko gero eta handiagoari egokiago zaion ikuspegi batetik". "Gakoa da ereduetan sartzea egitate hau: unitate ekonomikoek elkarri eragiten diotela, eta ez direla erakunde islatuak. Espazioan eta denboran ematen diren atzeraelikadurak kontuan hartzeak ereduek errealitateari egokitzeko daukaten gaitasuna nabarmen hobetzen du", esan du Vicente Ríosek.

Ikerketaren ondorioen artean, ikusten da badagoela langabezia-tasaren konbergentzia prozesu txiki bat, EBko ekonomia guztien artean. Konbergentzia prozesu hau azaltzeko, beharrezkoa da kontuan hartzea badagoela eskaera-"shock" positibo bat eta, aldi berean, populazioaren ezaugarri demografikoen aldaketa bat (adin-egitura, hezkuntza maila, parte-hartzeko tasak, migrazio-jarioak, eta abar), bereziki garrantzizkoa izan dena 2002-2007 aldian.

Atzera europar integrazioan

Hala ere, Victor Ríosek esaten duenez, 2008an hasi zen krisi ekonomikoak 2000-2007 aldian europar integrazioaren bidean izandako aurrerapen ia-ia guztiak ezabatu ditu. Izan ere, eskualdeen arteko desberdintasunak epe luzeko oreka baten emaitza moduan azaltzen duten faktoreak garrantzizkoagoak dira krisia eta gero, eta eskualdeen arteko desberdintasunen % 75a azaltzen dute. Ekoizpen egiturako aldaketek eragin dituzten ondorioak (industria-oinarria galtzea, eta merkatukoa ez den zerbitzu arloa neurriz gain ezartzea), eta lan-merkatuaren erakundeen konfigurazioen desberdintasunak, langabezia-tasen aldakortasunaren determinante garrantzizkoenak dira, gaurko testuinguruan. Oro har, emaitza hauek adierazten dute eskualdeen arteko desberdintasunak gutxiagotu nahi dituzten lan merkatuko politikek muga handiak aurkitzen ahal lituzketela.

 "Are gehiago -zehaztu du-, ekonomiako aldaketen gaineko zenbait simulazio aski optimistaren emaitzek erakusten dute ezen, agintari ekonomikoek industriaren, hezkuntzaren eta enplegu-babesaren arloetan ahalegin handiak egingo balituzte ere, oso zaila litzatekeela 2020an Espainiako ekonomiaren langabezia tasa % 20tik behera egotea".

Egilearen curriculum laburra

Vicente Ríos Ekonomian graduatua da Valentziako Unibertsitatean, Bartzelonako Graduate School of Economics-eko (Pompeu Fabra Unibertsitatea eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa) masterduna, eta  masterduna Kataluniako Obreta Unibertsitateko Finantza Tresnak eta Merkatuetan.

Ríos praktiketako ikertzailea izan da Bartzelonako La Caixako Azterketa Zerbitzuan eta Paraguaiko Banku Zentralean. Paraguain eskolak eman zituen, halaber, Negozioen Administrazioaren Eskolan (EDAN).

Gaur egun, Vicente Ríos Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Saileko LOU laguntzailea da, eta doktoretza tesia prestatzen ari da ekonometriaren aplikazio espazio-denboralei buruz, Roberto Ezcurra Orayen irakaslearen eta Pedro Pascual Arzoz katedradunaren zuzendaritza pean.