Joan eduki nagusira

zoom Erik Aguirre Gallego

Erik Aguirre Gallego

Nafarroako Unibertsitate Publikoan Erik Aguirre Gallegok irakurri duen doktoretza tesiaren helburua izan da simulatzea eremu elektromagnetikoen eragina pertsonen gainean. Hala, eredu bat garatu du aukera ematen duena uhin elektromagnetiko jakin batzuen hedapenean gertatzen diren gertaerak zuzen ezaugarritzeko eta osasunerako kaltegarriak izan litezkeen ondorioak sorrarazten dituzten mailak gainditzen dituzten edo ez ezagutzeko.

"Erradiazio horien inguruan eztabaida handia sortu da azken urteotan, biztanleriaren parte handi batek kaltegarriak direla uste baitu —dio—. Horregatik, jakin nahi genuen zein zen haien eragina giza gorputzaren ehunetan, eta egiaztatu nahi genuen lege erakundeek eta gehieneko esposizio mailak argitaratzeaz arduratzen diren entitateek ezarritako mugak ez dituztela gainditzen".

Ikerketa lanak erradiazio ez-ionizatzaileen dosimetria hartzen du ardatz, izan ere, espazioan zehar zabaldutako eremu elektromagnetikoaren eta ehun biologikoetan eragindako eremuen arteko harremana ezartzen duen zientziaren adarra.

Dosimetric study of the radioelectric influence of humans into complex environments through deterministic simulations and the implementation of a simplified model” da tesiaren izenburua. Francisco Falcone Lanas eta Luis Serrano Arriezu NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko ikertzaileak izan dira tesiaren zuzendarikideak, eta bikain cum laude kalifikazioa lortu du lanak.

Pertsonak eta inguruneak

zoom Gela batean potentzia banaketari buruz lortutako emaitzen irudi bat

Gela batean potentzia banaketari buruz lortutako emaitzen irudi bat

Erabilitako simulazio metodoa NUPek garatutako “3D izpi trazatua” izeneko tresna batean oinarritu da. Frogatua dago tresna hori eraginkorra eta zehatza dela, eta nazioarteko aldizkarietan argitaratuko artikuluetan oinarritzen da. Aztergaia giza gorputza eta haren ehun biologikoak zirenez gero, gorputzaren 3D eredu bat egin zen, hautatutako simulazio teknikarekin bateragarria zena.

Erik Aguirrek azaltzen duenez, “erabilitako giza gorputzaren ereduak, izpi trazatuen kodeak dauzkan mugak edukita, anatomiari dagokionez zehatz-zehatza izan nahi du. Gainera, kontuan hartu dira gure gorputza osatzen duten ehunen ezaugarriak, simulazioaren ondorioak ahalik eta zehatzenak izan daitezen. Halaber, zenbait jarrera eman dizkiogu ereduari, tokien morfologiara egoki ahal dezagun".

Tokiei dagokienez, barne inguruak (Unibertsitateko laborategiak) eta inguru konplexuagoak, esaterako autoak eta hegazkinak, erabili dira.  Inguru hauetan egiten dira simulazioak eta neurri dosimetrikoak, eta horrela aukera daukagu ateratako datu teorikoak eta egiazkoak alderatzeko, simulazio tresnaren funtzionamendu egokia egiaztatzeko eta zuzen kalibratzeko. "Toki guztiak egiazkoak dira, eta kasu gehienetan neurriak hartu dira emaitza teorikoak egiaztatzeko. Salbuespen bakarra hegazkinak izan ziren, zeren existitzen diren bi modelo izan arren, (Airbus A320 eta A380), ezin izan baikenuen haietan sartu neurriak hartzera”.

Tesi honetan egindako lanean oinarrituz "frogatzen da simulazio teknikak erabiltzeko beharra estimazio dosimetrikoak egiteko,  tresnak daukan ahalmen handia erakusteaz gainera, emaitza zehatzak eman baititu ingurune zabal eta konplexuetan". Azterlan dosimetrikoari dagokionez, "esan dezakegu baldintza normaletan, irrati-komunikazioko sistemek ez dituztela sorrarazten arautzeaz arduratzen diren entitateek ezarritako mugen gaineko baliorik".

Erik Aguirre Gallego Telekomunikazioetako ingeniari teknikoa da, irudi eta soinu  espezialitatean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (2010), eta Unibertsitate berean erdietsi du Komunikazioetan doktore titulua. Lankidetzan 12 artikulu egin ditu nazioarteko hainbat aldizkaritan eta hogeita hamarretik gora ekarpen egin ditu nazio mailako eta nazioarteko biltzarretan.