Joan eduki nagusira

zoom : Ezkerretik eskuinera, José Javier Esparza, Eloísa Ramírez eta David Palacios, jardunaldien aurkezpenean.

: Ezkerretik eskuinera, José Javier Esparza, Eloísa Ramírez eta David Palacios, jardunaldien aurkezpenean.

Mahats beltzaren beratzea, mendi aldeko mahastizaintza eta ardogintza jasangarria, upeltegi bateko marketin plana, nazioarteko kontsumitzaileen profila edo ardo zuriak eta gorriak egiteko etorkizuneko aukera berriak dira Nafarroako J.D. Mahastizaintza eta ardogintzari buruzko I. Jardunaldietan aztertuko diren gaietako batzuk urtarrilaren 28tik azaroaren 25era Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan (NIGMET).

Jardunaldi hauek, Nafarroako Gobernuaren  Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioarekin eta J.D. Batzorde Arautzailearekin lankidetzan antolatu dira, eta xede nagusi dute esperientzien trukaketa eta prestakuntza hiru esparrutan: enpresa, mahastizaintza eta ardogintza eta enologia. Lan ibilbidea ardogintzari lotuta daukaten nazioko aditu hoberenek osatutako talde handi batek emango ditu hitzaldiak. Jardunaldiaren programa osoa NUPen web-orrialdean dago ikusgai.

Mahastizaintza eta ardogintzari buruzko jardunaldi hauen edukia urtarrilaren  15 honetan, ostegunean, eman da ezagutzera, ekitaldi batean. Bertan izan dira Eloísa Ramírez Unibertsitate Proiekzioko errektoreordea, José Javier Esparza Nafarroako Gobernuaren Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilaria, eta David Palacios Nafarroako J.D. Batzorde Arautzailearen burua.

Guztira hamaika saio programatu dira 2015 urte osorako, eta horietan zenbait ikertzaile, enologo, mahastizain eta enpresaburuk ardoaren sektoreari buruz daukaten ikuspegia erakutsiko dute. Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko instalazioetan egingo dira jardunaldiak, Arrosadiko campusean, eta horrek NUPeko ikasleei aukera ematen die sektore honi buruzko argibide eguneratuak ezagutzeko, profesionalen bidez. Gainera, saioetako lau NIGMETek urtero ikasleen artean sustatzen dituen jardueren programaren barnean eskainiko dira, ikasleek aukera izan dezaten nekazaritzako elikagaien sektorearekin lotutako gai interesgarriei buruzko hitzaldietara joateko.

Topaketa hauek zuzenduta daude, halaber, hauei guztiei: kudeatzaile, produkzio buru, merkaturatze buru, marketin buru, enologo, arloko arduradun, teknikari eta interesa duten guztiei.  Postuak mugatuak dira, eta inskripzioak egiteko  info@navarrawine.com helbidera idatzi edo  948741812 telefono zenbakira deitu. Saioetako % 75 baino gehiagotan parte hartuz gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ziurtagiri bat emango die parte-hartzaileei.

Saioak goizeko 10:00etatik 13:30era egingo dira. Saio bakoitzaren prezioa 40 euro da, eta programa osoarena 400 euro. % 50eko beherapena egingo zaie Nafarroako Jatorrizko Deiturako Kontseilu Arautzailean izena emana duten upeltegietan lan egiten duten ardogile eta profesionalei, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko komunitateko kideei.