Joan eduki nagusira

zoom Unibertsitatean egin zen proiektuaren koordinazio-bileraren irudi bat

Unibertsitatean egin zen proiektuaren koordinazio-bileraren irudi bat

SAFEMAT ikerketa proiektuaren helburua da sentsore funtzioaniztun nanoegituratuak garatzea, tenperatura, hezetasuna edo gasen kontzentrazioa bezalako magnitudeak atzematen dituztenak, gero sare domotikoetan erraz sar daitekeen haririk gabeko gailu batean txertatzeko. AH Asociados arkitekto-bulegoa da proiektuaren burua, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak zein Electrónica Falcón enpresak parte hartzen dute bertan. Proiektua eraikuntza sektorean dagoen bizi-kalitatea hobetzeko kezkaren erakusgarria da.

Eragile fisiko, kimiko eta biologikoek asaldatzen dute behin eta berriz eraikuntzetako ingurumenaren kalitatea, eta honek, Osasunaren Munduko Erakundeak aitortzen duenez, eragin eta ondorio kaltegarriak eduki ditzake pertsonengan. Hala eta guztiz ere, eragile hauetako asko ez dira monitorizatzen, gaur egun, eta hori dela kausa, barne-giroetako kalitateari buruzko zalantza handiak egon ohi dira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko hiru taldetako zenbait iketzaile dira proiektuaren partaideak: Cristina Gómez Polo, Propietate Fisikoak eta Materialen Aplikazioak ikerketa taldekoa; Antonio Gil Bravo, Teknologiak eta Ingurumen Aplikazioak taldekoa; eta Carlos de la Cruz Blas, Komunikazioak, Seinaleak eta Mikrouhinak taldekoa. Beren lan nagusia material nanoegituratu berrietan (oxido metaliko zeramikoak eta aleazio ferromagnetiko nanokristalinoak) oinarritzen diren sentsoreak garatzea izango da.

SAFEMAT, aurreikuspenak betez gero, 2015eko abenduan bukatuko da. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak, FEDER 2007-2013 programa operatiboaren bidez, eta Nafarroako Gobernuaren Ekonomia, Ogasuna, Industria eta Enplegua Departamentuak finantzatu dute, erdi bana, 412.093 €-ko aurrekontua. NUPek 191.209 euro jaso ditu proiektu hau gauzatzeko diru-laguntza bezala.

zoom