Nafarroako Unibertsitate Publikoan 51. Matematika Olinpiadaren eskualdeko fasea egingo da ostiral honetan, urtarrilaren 16an. Matematika Saileko irakasleek antolatzen dituzte Arrosadiko campuseko Ikasgelategian egingo diren probak, eta Batxilergoko ikasleentzat dira. Fase honetako lehen hiru sailkatuek aukera edukiko dute nazioko fasean parte hartzeko; edizio honetan Badajozen izango dena, martxoaren 19tik 22ra. Aurreko edizioan olinpiadaren eskualdeko fasean 73 gaztek parte hartu zuten: 44 mutil eta 29 neska.
Goizez eta arratsaldez egingo diren probetan, ikasleek matematikako sei problema ebatzi beharko dituzte. Olinpiadako antolatzaileek izendatutako epaimahaiak ebaluatuko ditu erantzunak. Ezin izango da kalkulagailua erabili proban; bai, ordea, marrazketako tresnak, hala nola erregela eta konpasa. Lehiaketa honetan Batxilergoko ikasleek dute parte hartzeko aukera; hala ere, matematikan bereziki iaioak diren DBHko ikasleek ere parte hartzea badaukate.
Gogorarazi behar da fase nazionalean lehen sailkatzen direnek aukera izango dutela Nazioarteko 56. Olinpiada Matematikoan Espainiako ordezkari izango den taldeko kide izateko, Chiang Main (Thailandia), 2015eko uztailean. Halaber, aukera edukiko dute Iberoamerikako Matematika Olinpiadan Espainiako ordezkari izateko, Puerto Ricon, 2015eko azaroan.