Nafarroako Unibertsitate Publikoak urtarrilaren 12, 13 eta 14an jardunaldiak egingo ditu hondakin organikoen tratamendu biologikoari buruz. Saioak zabalik daude gai honetan interesa duten guztientzat, eta 10:00etatik 14:00etara egingo dira Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan, Arrosadiko campusean.
Jardunaldi hauek —aldez aurretik izena eman beharra ez daukatenak— Ingurumen Agrobiologiako Masterreko saio irekietako parte dira eta Ramón Planak eta Oscar Rubiok emango dituzte. Lehen bi jardunaldiak Ramón Planak zuzenduko ditu, eta ardatz izango dute konpostaje sistemen bilakaera eta konpostajearen alderdiak (konpostaje industriala, etxeetakoa, bermikonpostajea). Hilaren 14an, asteazkenean, saioari hasiera emango zaio Oscar Rubioren parte-hartzearekin, ingurumen heziketari eta hiritarren parte hartzeari buruz, eta digestio anaerobio gaiarekin bukatuko da, Planaren eskutik.
Plana Biologian doktore da eta hondakin organikoen tratamendu biologikoan aditu tekniko handienetako bat. Europako Ingurumen Batzordearen konfiantzazko pertsona da, eta Scow europar proiektuaren teknikari arduraduna, hondakinen tratamenduko esperientzia eredugarriak garatzeko mediterranear alderdi osoko eremu turistikoetan.
Oscar Rubio soziologoa da eta teknikaria Arga-Izarbeibarko hondakinen mankomunitatean, eta bertan esperientzia eredugarriak garatzen ditu hondakinen sorreraren prebentzioan eta hiritarren parte hartzean, eta izan ere, estatu mailan ere erreferente da.
Bertaratzen direnek parte-hartze agiri bat jasoko dute. Saioak jarduera praktikoekin osatuko dira arratsaldeetan, Noaingo Zentzumenen Parkean eta Gipuzkoako konpostaje instalazio batzuetarako bisita batekin hilaren 15ean.