Francisco Miranda Rubiok, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak, liburu batean aztertzen du Nafarroan 1813. eta 1814. urteetan gertatu zena. Urte horietan Napoleonen okupazioa amaitu eta aldi liberal labur bat hasi zen, Erregimen Zaharra itzuli zen arte, Fernando VII.arekin. Liburuaren izena hau da: “La encrucijada liberal. El final de la ocupación napoleónica en Navarra”, eta Nafarroako Gobernuak argitaratu du. Liburuaren ondorioetako bat da Independentzia Gerraren bukaerak "lurraren desamortizazioaren prozesua azkartu zuela", eta horrek ekarri zuela merkatari eta notableen gizarte-klase txiki bat sortzea, eta nekazari apalenen pobretzea; halaber, esaten du Hirurteko Liberalean (1820-1823) hartu ziren xedapen politikoen oinarriak orduan ezarri zirela.
"1813. urtea eta Independentzia Gerraren amaiera, oro har, -esaten du Francisco Mirandak, Geografia eta Historia Saileko unibertsitate-eskolako katedradunak- gutxi aztertu dira, nahiz eta Nafarroan izan zen Napoleonen aurkako borrokaren aldi garrantzizkoena izan, eta hori bi arrazoirengatik: Nafarroak jasan behar izan zuen ahalegin ekonomiko itzelarengatik, gudari-oste handiak mantendu behar izan zituelako, eta Espainiako Gobernuak edo Erregetza Kontseiluak ezarri zuen eremu politiko liberal berriarengatik."
Nafarroan, 1813an, Frantziako armada zegoen, Independentzia Gerraren hasieratik (1808an) herrialdea okupatzen zuelako, baina baita aliatuen armadak ere (Espainia, Erresuma Batua eta Portugal). "Osteak ipar aldean eta Iruñerrian zeuden. Alde batetik Gasteiztik, frantziarrak garaitzetik zetorren Wellingtonen armada zegoen, eta bestetik, Soultena, zeina Frantziatik etorri baitzen, Iruñea eta Nafarroako iparra berreskuratzeko asmoz -azaltzen du Francisco Mirandak-. Bi armaden gizon kopurua Nafarroak orduan zeukan populazio guztiaren antzekoa zen".
Historialari honek esaten duenez, populazio zibilari "baliabideak ebatsi zizkioten bidegabe". "Armadek, bai aliatuak eta baita frantziarrenak ere, behar zituzten jatekoak nekazariek aurreratzen zituzten, eta horien trukean gero nekez kobratu zituzten bono batzuk ematen zizkieten -adierazten du egileak, unibertsitateko katedradun izateko egiaztatua dagoena. Miseria latza izan zen, eta Lesakan 300 lagun hil ziren gosez, eta Beran 500. Bi armadek anoak etengabe eskatzen zizkieten, eta hala, herriak zeharo ahitu zituzten".
Udal ondasunaren galera
Lurraldearen pobretze orokorraz aparte (jateko falta, prezioen igoera, uzten lapurreta eta nekazaritzarako tresnez jabetzea), gerrak, 1813ko azaroan, frantziarren okupazioaren bukaerarekin amaitu zenak, bestelako ondorio ekonomikorik ere ekarri zuen: udalek beren ondasunaren parte bat galdu zuten, zorrak ordaindu ahal izateko, eta horren ondoriorik latzenak "nekazariek pairatu zituzten, ondasun horiek ezin erabilita geratu zirelako, pribatizatu zirenez". Gainera, "udalen desamortizatzearen prozesuaren ondorioz, udal administrazioan merkatari eta notable talde txiki bat sortzea ekarri zuen, haiek udalen salmenta horietaz baliatu baitziren aurrea egiteko".
Baina gerrak ez omen zuen bakarrik ekarri, egileak dioenez, "Erregimen Zaharraren krisia Nafarroan" alderdi ekonomikoan (udalen ondasunen eta, neurri txikiagoan izan bazen ere, elizaren ondasunen salmentarekin), ez; eremu politikoan ere krisia eragin zuen, "Napoleonen legeek antzinako Nafarroako Erresumaren instituzioak baztertu zituztelako". "Erresumaren Diputazioa 1809tik atzerrian egon zen, eta Erregetza Kontseiluaren agindu bat jaso zuen, erregimen liberal bat ezartzeko, 1812ko Konstituzioaren, Cadizko Gorteen eta ideia liberalen araberakoa. Miguel Escuderok, Nafarroako orduko buruzagi politikoak -Gobernuaren ordezkari moduko batek-, erregimen liberal bat ezarri zuen. Nafarroako Erresumaren instituzioekin bateragarria ez zena", azaltzen du Mirandak.
Aldi liberal honek, ordea, nahiz eta zortzi hilabete baizik ez iraun (1813ko irailetik 2014ko maiatzera), hau da, Fernando VII.a itzuli eta harekin Erregimen Zaharra itzuli zen arte, antzinako Nafarroako Erresuma berrezarriz, bere ondorioak eduki zituen. "Nafarren talde txiki batek -abokatuek, merkatariek eta militarrek osatuak- Nafarroako konstituzioaren alde egonik ere, sistema politiko berriaren eraikuntzan parte hartu zuen, monarkia moderatu baten aldekoak zirelako, jovellanista edo erreformista. Liberalismoaren hondar hau 1820an berpiztu zen, probintzietako errentak kentzea bezalako zerga-erreformarekin, edo hezkuntza publikoaren oinarri berrien ezarpenarekin, besteak beste. Hirurteko Konstituzionalean, hau da, 1820tik 1823ra, hartu ziren xedapen politiko berrien segida horrek, kasu askotan, 1813ko lehen liberalismo nafar horretan eduki zuen oinarria" adierazi du egileak.
Francisco Miranda Rubio, Historian doktorea da Zaragozako Unibertsitatetik, eta atzerriko hainbat unibertsitatetako irakasle bisitaria da. Nafarroako gizartearen XIX. eta XX. mendeetako historia politiko eta soziala ikertzen ahalegindu da. Liburu batzuk argitaratu ditu, eta horien artean, hauek dira nabarmenenak: “La Guerra de la Independencia en Navarra. La acción del Estado” (1977), “El siglo XIX en Navarra” (1994), “La dictadura de Primo de Rivera en Navarra” (1995) eta “Guerra y revolución en Navarra (1808-1814)” (2010).