Bihar, urtarrilaren 8an, osteguna, inskripzio-epe berri bat hasiko da, unibertsitateko komunitateko kideei zuzendua, Nafarroako Unibertsitate Publikoak bigarren seihilekoan antolatzen dituen kultura ikastaroetarako. Unibertsitatearen Adiskide eta Ikasle Ohien programakoek eta Unibertsitate kanpokoek aukera izango dute matrikula egiteko, ikaspostuak bete gabe baldin badaude, otsailaren 2tik aurrera.
Zehatz esateko, Iruñeko campusean ikastaro hauek eskaintzen dira: DJ, Irakurketa Kluba, Jendaurrean mintzatzea, Argazki ukitua Photoshopen bidez, Bizirauteko sukaldaritza, Ahozko eta idatzizko komunikazio gaitasuna nola hobetu eta Identitate pertsonala sarean: internet eta sare estrategia.
Matrikula doakoa da Irakurketa Kluba, Jendaurrean mintzatzea, Argazki ukitua Photoshopen bidez eta Ahozko eta idatzizko komunikazio gaitasuna nola hobetu ikastaroetarako. Gainerako ikastaroen prezioak 61 eurotik 137 eurora bitartekoak dira, eta ordainduko den prezioa zehazteko kontuan hartuko da ikaslea unibertsitateko komunitateko kidea den eta ikastaroen iraupena zein den.
Bestalde, Tuterako campusean ikastaro hauek eskaintzen dira: Pintura, Artea eta jokoa; Jolas jarduna sormen prozesu gisa; Txina gaur egun, erraldoi bakezale bat?; Historiaren Filosofia eta Espainiako trantsizioa: ereduaren, amnesiaren eta kritikaren artean.
Ikastaroak eta kultura-jarduerak egiteagatik kredituak emango zaizkie ikasleei, eta beren espedientean jasoko dira. Gehienez ere 6 kreditu lortuko dira jarduera horiengatik Graduko ikasketa-plan osoan.
Kredituak eskuratu nahi dituzten ikasleek berariaz adierazi beharko dute hori inskripzio orrian. Unibertsitateak ikastaro bakoitzari esleitutako kredituak emango ditu, beti ere ikaslea joan bada emandako saioetako % 90era eta gainditzen baditu irakasleek esandako probak, edo lanak egin baditu.