

Ezkerretik eskuinera, Juan Madariaga, Andres Urrutia Euskaltzaindiko burua, Mikel Zalbide eta Ramon Mendibil, Olaso Dorrea Fundazioko kidea. Argazkia: Euskaltzaindia
Juan Madariaga Orbeak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak, "XVII. eta XVIII. mendeetako euskal gizartea eta hizkuntza" izeneko liburua argitaratu berri du. Euskararen soziolinguistikaren historiari buruzko ikerketa luze bat da, Euskaltzaindiak editatzen duen Etxeberria Bilduman argitaratu dena, Mikel Zalbideren zuzendaritzaren pean.
Juan Madariaga Historia Garaikideko irakaslea da, eta lan honetan bibliografia luze bat erabiltzen du hizkuntza eta haren gorabeherei buruzko azterketa sozio-historiko bat egiteko. Liburuak hamahiru kapitulu dauzka, eta horietan euskara zenbait ikuspegi soziologiko, politiko, kultural eta geografikotatik aztertzen da: erakunde politikoak, eliza, hezkuntza, osasungintza, hizkuntza-artekariak, ezagutza eta erabileraren baldintzak, literarioa ez den euskara idatzia, hizkuntza elkar ulertzeko horma eta aldi berean identitate-zeinua den aldetik, sorginak eta beren hizkuntza-mundua, "koplak atera" eta euskaldunen geografia eta demografia.
Etxeberri Bilduma (Euskal Herriko Historia Soziala – Historia Social de Euskal Herria) proiektuaren kide Lionel Jolyk hitzaurrean azaltzen duen bezala, "liburua historialari batena da, nahiz eta soziolinguistikako kontzeptuak erabili", eta eransten du kontzeptuok beren adierarik zabalenean hartzen direla, egilearen arrazoibide historikoa indartzeko.
Hala ere, Lionel Jolyk uste du etorkizunean komenigarria izango dela Juan Madariagaren lan historiko honen irakurketa sozilolinguistiko sistematikoa egitea. Izan ere, Madariagak, euskararen egoera aztertzean, soziologia linguistikoan azterketagai ohi diren gaiak erabiltzen ditu: euskararen erabilera, hiztunen gaitasun linguistikoa eta joerak, hizkuntzei buruzko iritziak eta aurreiritziak. Liburua Olaso Dorrea Fundazioaren laguntzarekin atera da.