Nafarroako Unibertsitate Publikoak Nadetech Innovations SL eta Naudit High Performance Computing and Networking SL enpresei oinarri teknologikoko enpresen aitortza egin die, beren negozioaren funtsa ikerketa jardueran lortutako emaitzak baitauzkate. Hori dela eta, NUPen Spin-off" aitortza egin die. Gainera, Unibertsitateak bi enpresetako hainbat akzio erostea ere adostu du Rural Kutxak finantzatuko duen eragiketa baten bidez, Unibertsitatearekin sinatuta daukan hitzarmenaren bitartez.
Oinarri Teknologikoko Enpresek (EBT) edo “spin-off” motakoek, sarritan unibertsitateetan egiten den ikerketa lanaren ondorioz sortzen dira, eta beren jarduera prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko zientzia edo teknologia aurkikuntza berrien aplikazioetan oinarritzen dute. Enpresa hauen garrantzia gero eta handiagoa da, Unibertsitateak bere ingurura jakintza bestetaratzeko egiazko motor bihurtzen ari direlako, kualifikazio handiko enplegua sortzeko apustua egiten dutelako, industria inguruneari balio erantsi handia ematen diotelako eta gazteak lanean hastea errazten dutelako.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak, bere estatutuen azken eraberritzean, horrelako enpresetan parte-hartzea sustatzea erabaki zuen, eta 2012ko uztailean arautegi bat onetsi zuen xede hauekin: haien bideragarritasuna eta biziraupena sustatzea, haren langileen parte-hartzea arautzea eta sortutako enpresen kapitalean Unibertsitateak parte hartzeko baldintzak, eta haren instalazio eta zerbitzuetarako sarbidea arautzea. NUPek, horrekin guztiarekin, oraindik gehiago sendotu nahi du garapen sozial eta ekonomikoaren motor moduan daukan zeregina, eta enpresen garapenari lotzen zaio zuzenean.
NUPek Nadetech Innovations SL eta Naudit High Performance Computing and Networking SL enpresekin sinatuko duen hitzarmenak jasotzen du bi enpresek ahalko dutela "Nafarroako Unibertsitate Publikoaren spin off" marka erabili beren jardueran. Enpresek, beren aldetik, konpromisoa hartzen dute Unibertsitateko ikerketa taldeak kontratatzeko ikerketa lanak garatzeko eta jakintza bestetaratzeko xedez, eta lehentasunez NUPen titulua atera dutenak kontratatzeko.
Era berean, harremanak sustatuko dira ikasleak onar ditzaten praktikak egiteko edo lankidetzan jarduteko, Gradu Amaierako Lanak, Master Amaierako Lanak eta doktoretza tesiak egin ditzaten enpresa hauek egiten dituzten jardueren esparruan. Unibertsitateak, bere aldetik, hitzarmenetik eratorritako jardueretarako campuseko zenbait gune baldintza hobeagoetan erabiltzea errazteko aukera edukiko du.
Nanoteknologia eta superkonputazioa
Nadetech Innovations SL enpresa 2011n sortu zen eta bertan parte hartzen dute NUPeko zenbait irakasle eta ikertzailek eta instituzio honetan ikasi duten batzuek. Zehazki, sustatzaileak dira Ignacio Matías eta Francisco J. Arregui, biak Teknologia Elektronikoko katedradunak, eta Jesús Corres eta Cándido Bariain, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasleak. Horiekin batera dabiltza Eduardo Tejero eta Eduardo Jaunsaras Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniaritzako tituludunak.
Nadetech enpresak Campus Iberusen Emprende saria irabazi zuen oraintsu enpresa proiektuen sailean, eta estaldura, mintz, koloide eta beste mikro-nano material egituratu batzuk kentzeko beharrezkoak dituzten ekipoez edo estaldura teknikoaz hornitzen ditu zientzialariak eta ingeniariak. Nanoteknologiak, material aurreratuak, errendimendu handiko konposatuak, gainazalen fisika, kimika, estaldura biokimikoak, monogeruzak eta koloideen ikerketa, teknologia garbiak edo jalkitze hezeak dira bere produktu eta zerbitzuen aplikazio esparruak.
Bestalde, Naudit High Performance Computing and Networking SL enpresak Madrilen dauka egoitza eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren “spin off” ere bada. Proiektu honetako kideak NUPen Eduardo Magaña, Daniel Morató eta Mikel Izal Automatika eta Konputazio Saileko irakasleak dira.
Enpresa 2009. urtean sortu zen, berrikuntzaren arloan erreferentzia izateko xedez, eta neurrira egindako irtenbideak eta doitasun handia eskatzen duten sareen kalitate-ziurtagiriak, prestazio handiak eta tratamendu estatistiko sofistikatua, aplikazioen eta prozesu kritikoen azeleraziorako superkonputazio teknologien aplikazio eraginkorra eskaintzeko asmoz. Bere bezeroen artean daude zenbait erakunde publiko, esaterako, Industria Ministerioa; telekomunikazioetako operadoreak, esaterako, Movistar; multinazionalak, adibidez, Airbus; eta garrantzi handiko talde energetikoak.