Francisco Javier Vázquez Matilla Iruñeko Udalaren abokatua eta Nafarroako Kontratu Publikoetako Administrazio Auzitegiko mahaikideak bere doktoretza tesian kontratu publikoen gainkostuak aztertu ditu. Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurri duen lanean azaltzen ditu kontratu baten aldaketa baliozkoa izateko bete behar diren baldintzak, eta jurisprudentzia eta doktrinarekin lotzen du, bereziki aipatuz dirulaguntzei buruzko zuzenketa finantzieroak eta kontratu-aldaketa gaietan dagoen ustelkeria.
Tesiaren izenburua "Kontratu publikoen aldaketa" da, Martín Razquin Lizarraga Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio Zuzenbideko katedradunak zuzendu du, eta Bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du.
Egilea, Espainiako Kontratu Publikoen Behatokiko kide ere bada, eta azpimarratzen du nola kalkulatu behar diren kontratu-aldaketetako prezio berriak eta dagoen beharra "gainkostuei gardentasun gehiago emateko, jendarteak ezagut ditzan eta lizitazioetan parte hartu zuten enpresaburuek errekurtsoak jartzeko aukera izan dezaten".
Hala, proposatzen du gaur eguneko araubidean sartzea Europako beste estatu batzuetako edo Espainian historian zehar izandako arautegiko zenbait arau. Azaltzen duenez, "Europako justizia auzitegiek adierazi dute zein diren kontratu-aldaketetan, ezohikoak izan behar direnak, egon daitezkeen mugak, eta azpimarratzen dute babestu behar dela kontratazioaren eragimena eta errespetatu behar direla kontratuaren hasierako baldintzak".
Kontratu aldaketak
Vázquez Matillak agerian utzi du dagoen beharra egon dadin “kontrol zorrotza baldintzen aldaketen aurreikuspenean, zeren askotan, baldintza-pleguen aldaketen aurreikuspena generikoa da eta, bere horretan sartzen ditu egiazki aurreikustekoak ez diren kasuak, eta kontratua aldatzeko balio ez dutenak”.
Hortaz, azpimarratzen du kontratuaren baldintzak soilik ahal direla aldatu eginbidezko esleipen-organo batek egiazki aurreikusi ezin duen inguruabar bat gertatzen denean, eta muga ekonomiko batzuen barruan, Nafarroan % 20an daudenak.
Azkenik, aldarrikatzen du zigortu egin behar direla inolako prozedurarik gabe egiten diren aldaketak, erantzule egin behar direla ahalbidetzen dutenak eta ez ordaindu, ez bada legezkotasun itxurako agindua dagoela. "Administrazioak ezin dio kontratugileari kontratatuak daudenak baino lan gehiago ez lan desberdinak enkargatu, eta kontratugileak ezin ditu kontratatuak ez dauden lanak egin eta gero horiek kobratzea exijitu". Publizitateak eta aldaketak errekurtso lasterren bidez errekurritzeko aukerak lagun lezakete aldaketak mugatzen —gomendatzen du egileak.
Francisco Javier Vázquez Matillak masterra dauka Ekonomia eta Administrazio Zuzenbidean eta kontratazio publikoaren gaian ikerketako nazioarteko hiru aditu-taldeen kide akademikoa da. Hogei bat argitalpenetik gora dauzka, liburuen eta eragin handiko aldizkarien artean, eta autonomia-erkidego eta herrialde ugaritan hitzaldi asko eta asko eman ditu, esaterako, Portugal, Frantzia eta Italian.