Joel Pérez Urcelay Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikasleen Kontseiluko buru hautatu dute. Kontseilu hori ikasleen eztabaida, kontsulta eta ordezkaritza organoa da, eta honako kide hauek osatzen dute: Unibertsitateko Klaustroan ikasleek dituzten ordezkariek eta graduko eta lehen, bigarren eta hirugarren zikloetako talde-ordezkariek. Atzo, asteazkenean, abenduaren 17an, Ikasleen Kontseiluak egindako osoko bilkuran hautatu zuten. Bileran, batzorde iraunkorreko mahaikideak berritu eta ikasleek ikastegietako batzordeetan (ikastegietan eta fakultateetan) eta sailetako kontseiluetan dituzten ordezkariak izendatu zituzten. Joel Pérezek Raquel Azanza Álvarez ordezkatuko du karguan. Azken hau 2014ko otsailean hautatu zuten.
Joel Pérez Urcelay NUPeko Zuzenbidean lizentziaduna eta Informatika Ingeniaritzako lehen ikasmailako ikaslea da, independentea da eta Ikasleen Kontseiluaren lehendakaritza berritzeko prozesu honetara aurkeztu zen hautagai bakarra izan zen. Kontseiluburuak Iñigo Hidalgo Rípodas izendatu du idazkari, eta Imanol Ustárroz koordinatzaile.
Halaber, Ikasleen Kontseiluaren Osoko bilkuran batzorde iraunkorreko mahaikideak hautatu zituzten. Kontseilukideak hauek dira: xxx (Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea); Raquel Erro Martín (Zientzia Juridikoen Fakultatea); Amaya Espelosín Larráyoz (Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa); Iñigo Aguas Ardaiz (Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa); Gerardo Mena Zapata (Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea), Raquel Carrera García (Osasun Ikasketen Fakultatea); Miriam Patrizia Sacco Betelu (Tuterako campusa); eta Marta Ruiz Darbonnes, hirugarren ziklo eta doktoretzako kide hautatu dutena. Gainera, osoko bilkurak Fakultateko eta Sailetako Batzordeetako eta Kalitate Batzordeetako ikasleen ordezkariak ere izendatu zituen.
Kontseiluaren eskumenak
Ikasleen Kontseilua eztabaida eta kontsulta organoa da, eta Ikasleen Gaietarako eta Enpleguko Errektoreordetzaren mendekoa da. Bere eskumenen artean dago, besteak beste, ikasleen ekimenak bideratu, eztabaidatu eta proposatzea; unibertsitateko komunitateari buruzko informazioa biltzea ikasleei helarazteko; Unibertsitateko zerbitzuen ebaluazio prozesuetan parte hartzea; Kalitate Batzordean dituen ordezkariak hautatzea; edo ikastegietako batzorde eta sailetako kontseiluetako kide izango diren ordezkariak hautatzea.
Ikasleen Kontseiluaren organoak hauek dira: osoko bilkura, zeina gutxienez urtean behin bildu behar baita irakaskuntza-aldian, eta Batzorde Iraunkorra, batzordeburuak, idazkariak eta zortzi mahaikidek osatua –sei ikastegi bakoitzeko, Hirugarren Zikloko ikasleen ordezkari bat eta beste bat Tuterako campusekoa-.