2015-2016 ikasturtean Gradu ikasketak Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasi nahi dituztenek ekainean egingo dute aurreinskripzioa. Horrez gain, dauden Gradu titulazioak ezagutarazteko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Ateak Zabaltzeko hiru egun antolatu ditu hurrengo udaberrirako (bat, Tuterako campusean, martxoaren 28an, larunbatean; eta bi, Iruñeko campusean, apirilaren 18 eta 25ean, biak larunbatean. Egun horietan orientazio-hitzaldiak emango dira 2015-2016 ikasturtean emango diren 18 Graduei eta bi Gradu bikoitzei buruz. Jardunaldi horiek hurrengo ikasturtean Unibertsitatean hasi nahi duten Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta daude.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2015-2016 ikasturterako daukan irakaskuntza-eskaintzaren aurkezpenean jakinarazi zien informazioa Nafarroako Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako zuzendari, irakasle eta orientatzaileei. Lan-saio hartan parte hartu zuten Paloma Vírseda Chamorro (Ikasleak eta Enplegua) eta Jesús María Pintor Borobiak (Irakaskuntza Antolamendua).
Nafarroako Unibertsitate Publikoak jada ez du aurreinskripzio-aste aurreraturik antolatzen apirilean. Aurreinskripzio aurreratua kudeatzen zuen aplikazio informatikoaren kostu ekonomiko handia dela-eta, Unibertsitateak apirileko aurreinskripzio aurreratua kendu du, eta ekaineko ohiko inskripzioak lehen bezala jarraituko du (eta uztailean, ohiz kanpokoak) Nafarroako Unibertsitate Publikoan Gradu titulu bat egin nahi dutenentzat.
Bi campusetako Ateak Zabaltzeko Egunak
Ateak Zabaltzeko Egunetan parte hartzeko aukera dute bai etorkizuneko unibertsitateko ikasleek bai haien gurasoek. Saioak ikastegien eta titulazioen arabera antolaturik daude, eta ematen diren ikasketei buruzko informazio hitzaldiak ematen dira, unibertsitateko instalazioak bisitatzen dira, bereziki laborategiak eta lantegiak, ingeniaritzen eta osasunaren arloko graduen kasuan. Halaber, horretarako interesa daukatenek Iruñeko Arrosadiko Campuseko kirol instalazioak eta Urkiak Unibertsitate Egoitza ikusteko aukera ere izango dute.
Zehazki, martxoaren 28an, larunbatean, Tuterako campuseko (Tarazonako etorbidea, z/g) ekitaldiak Erriberako hiriburuan ematen diren bi titulazio hauek ezagutzeko interesdunak hartuko ditu: Fisioterapia eta Diseinu Mekanikoko Ingeniaritza.
Egun hauek hiru aste geroago edukiko dute segida, apirilaren 18an, Iruñeko campusean. Egun hartan titulazio hauei buruzko informazio-saioak izango dira: Osasun Zientzien Fakultateko titulazioei buruz (Erizaintza eta Fisioterapia), Zientzia Juridikoen Fakultateko titulazioei buruz (Zuzenbidea, Lan Harremanak eta Giza Baliabidea eta Zuzenbideko eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradu bikoitza), Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatekoei buruz (Haur Hezkuntzako irakaslea, Lehen Hezkuntzako irakaslea, Gizarte Lana eta Soziologia Aplikatua) eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatekoei buruz (Ekonomia, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza, Zuzenbidea eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzaren gradu bikoitza, Ekonomia eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzaren nazioarteko programa elebiduna, eta Ekonomia eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzaren Gradu bikoitz eta elebiduna).
Halaber, apirilaren 25ean, larunbatean, informazio-saioak izango dira beste titulazio hauei buruz: Nekazaritza Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko graduei buruz (Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza eta Elikagaien Prozesuen eta Produktuen Berrikuntza), eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikokoei buruz (Ingeniaritza Mekanikoa, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa, Ingeniaritza Mekanikoaren Diseinua, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza eta Ingeniaritza Informatikoa).
Ateak Zabaltzeko Egunen programa osoa Nafarroako Unibertsitate Publikoko webgunean dago ikusgai.