Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera: Ignacio Matías, Julio Lafuente errektorea, Ikerketako errektoreordea, Alfonso Carlosena, eta José Ignacio Pérez de Landazábal

Ezkerretik eskuinera: Ignacio Matías, Julio Lafuente errektorea, Ikerketako errektoreordea, Alfonso Carlosena, eta José Ignacio Pérez de Landazábal

SmartCities eta INAMAT (Material Aurreratuak) dira Nafarroako Unibertsitate Publikoak sortu dituen bi ikerketa institutuak, bere Gobernu Kontseiluak erabakia onetsi eta gero. NUPen ikerketa politikaren norabidea nabarmen aldatzen duen erabaki estrategiko bat da. Hainbat diziplinatako ikertzailek lan egingo dute egitura berri horietan, askoz ere diziplinartekoagoa izango den ikerketa bat bilatzeko, masa kritikoa sortzeko eta ikerketa nazioartean hedapen handiagoa izateko.

Ikerketako Errektoreordetzak sustatu du proposamena ikerketa egitura zabal eta indartsuagoak sortzeko komenigarritasunari eta premiari buruzko gogoeta parte-hartzailea egiteko barne prozesu baten ondoren. Hasiera batean desberdinak diren baina ahalegin diziplinartekoa eskatzen duten arazo konplexuagoak konpontzeko baliagarriak izan daitezkeen eta ezagutzaren sorkuntza bultza dezaketen esperientzia eta interesak dituzten ikertzaileen komunikazioa, elkarrekiko harremana eta baterako lana errazten dira horren bidez.

Horren guztiorren oinarri izango da eskakizun akademikoaren maila handia institutu horien konfigurazioan eta osaeran. Izan ere, institutu horietan parte hartzeko kanpoko erakundeek egiaztatutako ikerketa-ibilbide bat izatea eskatzen zitzaien kideei.

Institutuak baliagarriak izango dira, baita ere, ikerketa eta bestetaratze jardueraren kanpo-ikusgarritasuna handiagotzeko. Horrek erraztuko du erakunde, enpresa eta instituzioekiko elkarrizketa, lankidetza sustatzeko, eragile horiek, une honetan, oso ikuspegi atomizatua baitaukate Unibertsitatean egiten den ikerketari buruz.

Ikerketa institutuak prozesu parte-hartzaile eta adostu baten emaitza dira, eta jarduera horrekin lotutako hainbat eragilek esku hartzen dute prozesu horretan eta Unibertsitateko Ikerketa Batzordea da prozesuaren buru. Horrez gainera, kanpo ebaluazioko prozesu gogor bat gainditu behar izan dute.

Azkenean aipatu bi institutuak, SmartCities eta INAMAT, onetsi badira ere, etorkizunari begira prozesuan proposamen berriak egiteko aukera dago. Bi institutuen helburu orokorra da beren emaitzak gizarteari bestetaratzea teknologia bestetaratuz; maila zientifiko-teknologiko handieneko profesionalak prestatzea eta erakartzea; eta beren jarduera maila guztietan hedatzea.

Sortu berriak diren institutuek abian jartzeko finantzaketa daukate, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, "La Caixa"ren Gizarte Obraren eta Nafarroa Kutxa Fundazioaren arteko hitzarmenaren bidez.

SmartCities, hiri adimenduna

SmartCities Ikerketa Institutuak hiri adimendunaren kontzeptuari erantzuten dio, hau da, bere hiri inguruneetan hainbat baliabide erabili eta kudeatu nahi dira, hala nola energia elektrikoa, ibilgailuen zirkulazioa, ura, hondakinak eta hiritarren arteko harremana, modu integratu eta eraginkor batean, elementu sentsoreen eta banatutako komunikazio sareen erabilera uztartuz. Inguruneari buruzko datu ugari biltzea eta erabiltzaileen eta gailuen arteko elkarreragin handia lortzea ahalbidetzen duen espazio bat sortzen da horrela.

Ignacio Matías Maestro katedradunak zuzentzen du SmartCities institutua, eta institutu horretan parte hartzen dute aitortutako prestigioa eta ibilbidea daukaten ikertzaileek (ikertzaile horietako 17 “seniorrak” dira, eta 21 ikertzailek bi ikerketa seiurteko dituzte). Ikertzaile horiek sail hauetakoak dira: Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa; Automatika eta Konputazioa; Estatistika eta Ikerketa Operatiboa; Landa Ingeniaritza eta Proiektuak; Zuzenbide Publikoa; Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritza; eta Matematika eta Informatikako Ingeniaritza.

SmartCities institutuak bost ikerketa lerro nagusi zehaztu ditu. Lehenengo laurak sentsorika izenekoarekin lotuta daude (orotariko kontzeptu bat sentsore motak definitzeko); informazioaren eta komunikazioaren teknologiekin; energiarekin; eta "Big data" delakoarekin. Bosgarrenari sistema bultzagilea esaten zaio, zeharkakoa da, eta bere helburua da laguntza ematea "on line" administrazio eta gobernuko zerbitzuetarako erabakiak hartzeko gaietan dauden gainerako teknologiei, guztientzako sarbide eta diseinu kontzeptuak ematea, simulazioko zenbakizko metodoak zerbitzuetarako, etab.

INAMAT, material aurreratuak

José Ignacio Pérez de Landazábal Berganzo Fisikako irakasle titularrak zuzentzen du Institute of Advanced Materials (INAMAT), eta institutuaren helburua da ezagutza sortzea eta teknologiak garatzea material aurreratuen esparruan. Bere lanaren orientazioa oinarrituko da sintesian oinarritutako estrategietan, material berrien prestakuntzan eta beren propietateen azterketan neurri makroskopikoetan, film mehetan eta egitura nanometrikoetan. Hala Campus Iberusen espezializazio arlo lehenetsietako batera (bizi kalitaterako materialak eta teknologia) nola Moderna planera ezin hobeki egokitzen diren jarduerak dira.

SmartCities institutuan gertatzen den bezala, INAMAT institutuan ibilbide luzeko ikertzaile talde batek lan egingo du. Ikertzaile horietatik hogeita hamar bat “seniorrak” dira (hiru seiurteko edo gehiago) eta hamabitik gora ikertzailek bi ikerketa seiurteko dituzte gutxienez. Zehazki, sail hauetakoak dira: Kimika Aplikatua; Estatistika eta Ikerketa Operatiboa; Matematika; Matematika eta Informatikako Ingeniaritza; Nekazaritza Ekoizpena; eta Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritza.

INAMATek hiru arlo handitan egiten du ikerketa: energia, osasuna eta ingurumena. Arlo horietako bakoitzean, hiru lan lerro espezifiko garatzen ditu. Zehazki, energiaren arloa, material eta gailu elektromagnetikoak, erregai berrietarako materialak eta hidrogenoaren ekonomia dira ikerketa lerroetako gai nagusiak. Osasun arloan biofilmak eta sendagaien sintesirako materialen garapena dira ikerketa lerroetako gai nagusiak. Azkenik, ingurumen arloan, sentsore kimikoak eta industria prozesu iraunkorrak izango dira ikerketa lerroetako gai nagusiak.