Ezkerretik eskuinera, Miguel Beruete, Pablo Rodríguez eta Francisco Falcone ikertzaileak, NUPeko campusean
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Pablo Rodríguez Ulibarri eta Miguel Beruete Díaz ikertzaileek, José Antonio Marcotegui Iturmendi irakasle ohi eta egungo Tafco Metawireless S.L.ko kudeatzailearekin batera, Kontzeptu Disruptiboari Saria jaso dute Lillen (Frantzia) egin den Internacional Radar Conference biltzarrean. Beren lanaren izena “Blind Spot Mitigation in Phased Array Antenna using Metamaterials” da. Sariaren bidez ikerketa baten egileei aitortzen zaie "ohiz kanpoko aurrerapena egin izana artearen egoerari dagokionez, radar seinalea prozesatzeko esparruan, sistemetan edo aplikazioetan". Ikerketaren alderdi berritzaileena metamaterialetan oinarritutako egitura adimendun baten aplikazioa izan zen, radar antenen prestazioak hobetzeko.
Lana bi urteko eta milioi bat euroko proiektu baten emaitza da, Europako Defentsa Agentziak finantzatua. Bertan parte hartu dute Frantziako (Thales eta Ikasketa eta Ikerketa Aeroespazialen Bulego Nazionala), Alemaniako (Goi-maiztasuneko Fraunhofer Institutua), Italiako (Sienako Unibertsitatea) eta Espainiako (NUP eta Tafco Metawireless) zenbait ikertzailek.
NUPen lanaren ardatz izan zen metamaterialen aplikazioa phased array motako antena adimendunetan. Pablo Rodríguez Ulibarri ekarpen nagusien egileak azaltzen duenez, "lortu dugu hobetzea antenaren sorta hainbat norabidetan bideratzean zeuden gabeziak, apuntatzeko angelu itsuak deitzen direnak. Ekarpen berritzaileena da radomo bat (antena babesteko estaldura) garatu dugula metamaterialetan oinarritua —metarradomoa— angelu itsuak deitzen diren horien erantzuna hobetzeko gaitasuna duena, antena prototipoa ezertan aldatu behar gabe. Lamina mehe bat da, metamaterialetan inspiratutako kontzeptuei jarraikiz diseinatu dena, lente baten moduan jarduten duena eta antenaren sortari ahalbidetzen diona orain arte lortu duguna baino askoz modu eraginkorragoan jardutea".
Testuinguru horretan, Miguel Beruete lanaren ikuskatzaile teknikoak nabarmentzen duenez, "emaitza hau, nolabait, mugarria da metamaterial bolumetrikoen gure ikerketa-lerroan. Izan ere, aldez aurretik metalenteetan (edo lente metamaterialetan) eduki dugun esperientzia funtsezkoa izan da proiektu honen arrakastan. Era berean, metarradomo honen garapenak funtsezko ezagupena eman digu metamaterialetan oinarritutako gailu berrien diseinuan aurrera egiteko.
Metamaterialen ezaugarriak
Metamaterialak egitura artifizialak dira, material konbentzional batean existitzen ez diren propietateak dauzkatenak. Material naturalak erabiltzen dituzte, esaterako, metal zati txikiak mekano baten piezen moduan ahokatzen direnak, beste modu batean aurki ezin litezkeen propietateak modu artifizialean sintetizatzeko. Hasiera batean erradiazio elektromagnetikoaren kontrolerako proposatu baziren ere, gaur egun beren erabilera beste eremu batzuetara hedatu da, esaterako uhin mekanikoetara (soinua, adibidez).
Proiektuaren buru izan zen Tafco Metawireless S.L. sozietatea, hau da, ikerketa taldetik sortu zen “spin off” bat, zeinaren bazkide sortzaileak izan baitziren Mario Sorolla Ayza (Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedraduna, duela bi urte zendua), Francisco Falcone Lanas (proiektuaren ikertzaile nagusia, Sorolla hil ondoren) eta José Antonio Marcotegui. “Proiektua Mario Sorollari esker sortu zen, OTANen sentsore panel batean parte hartzen ari baitzen —dio Falcone irakasleak—. Oso gogor lan egin genuen lortzeko eta, hura gabe, ezinezkoa zatekeen" .
Ikertzaileek diotenez, lan honen arrakastaren adierazleetako bat izan zen Pablo Rodríguez Goi-maiztasuneko Fraunhofer Institutuan urtebetez kontratatua egon izana. Gaur egun NUPera itzuli da bere doktoretza-tesia egiteko.