Tauromakia herrikoia, festaren antolamendua, toreatze modu berriak edo pikaldia bezalako gaiak eztabaidatuko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan azaroaren 21 eta 22an izango diren Jokatzeko aziendari eta tauromakiari buruzko IX. jardunaldietan. NUPeko Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak antolatzen ditu jardunaldi hauek, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko (UPM) izen bereko eskolaren lankidetzarekin. Beren helburua da ikasleei, abeltzainei, profesionalei, zaleei eta zezenaren munduan interesa daukaten pertsona guztiei ezagutaraztea azienda mota honen hazkunde eta ustiaketaren alderdirik garrantzizkoenak.
Jardunaldiak Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan izango dira, eta bihar ostiralean, azaroaren 21ean, hasiko dira, 9:30ean, Paloma Virseda Ikasleen Gaietarako errektoreordeak zuzenduko duen hasiera ekitaldiarekin. Jardunaldiak zuzentzen dituzten Animalia Ekoizpeneko katedradun Antonio Purroyk (UPNA) eta Carlos Buxadék (UPM) ere parte hartuko dute ekitaldian.
Jardunaldiak zazpi arlotan garatuko dira. Han aurkeztuko dira ponentzia guztiak eta ondoren eztabaidak eta mahai-inguruak egingo dira. Lehen arloak tauromakia herrikoia du izena eta gai hauek hartuko ditu aintzat, besteak beste: zezenketa euskal-landatarra edo eta Nafarroako Arrazaren Erregistro Genealogikoa martxan jartzea. Goizeko saioa zezenei eta albaitaritzari buruzko mahai-inguru batekin osatuko da. Hemen ukituko diren gaiak hauek izango dira: albaitarien papera zezena larrean dagoenean edo Madrilgo lehenagoko eta gaurko zezena.
Hirugarren alorreko gaia festaren arautegia da. Espainiako eta Frantziako festa-antolamenduari buruzko gogoeta egingo da. Jardunaldietako lehen eguna osatzeko, toreatzaile gazteei buruzko mahai-inguru bat egingo da. Honako hauek izango dira parte-hartzaileak: Francisco Marco toreatzailea, Roberto Armendáriz burtzikaria eta Javier Marín eta Antonio Catalán nobilleroak.
Jokatzeko aziendari eta tauromakiari buruzko IX. jardunaldietako larunbateko saioan beste bi toreatzaile egongo dira. Horietako batek, Javier Castañok, mahai-inguru honetan hartuko du parte: "PIkaldia, beharrezkoa eta liluragarria". Beste alde batetik, Diego Urdiales hurrengo mahai-inguruan egongo da. Horretan, gaia hauxe izango da: tauromakia, pasioa den aldetik. Azken alor tematikoaren izena hau da: "Tauromakiaren kultura-erronka".
Jardunaldietako programan beste bi jarduera paralelo ere izango dira. Bata Vidal Pérez Herrerok editatu duen 2015eko Agenda Taurinoaren aurkezpena izango da, eta bestea "Zezenaren ibilbideetatik barna" argazki-erakusketaren aurkezpena (Gorka Azpilicueta-Arsenio Ramírez).